argia.eus
INPRIMATU
Familia baten deia Jaurlaritzari
“Desgaitasun handiko bi seme ditugu, noizko alokairu egokituko etxebizitza bat?”
  • Desgaitasun handia duten semeen beharretara egokitu ezin den etxe batean bizi da familia bat Derion, alokairuan, eta Eusko Jaurlaritzan aspaldi dute eskaera egina: adin txikikoen premietara egokitzen den etxe bat behar dute, alokairuan bizitzeko. Erantzunik jasotzen ez dutela-eta, Eusko Legebiltzarrera luzatu dute deia: “Gure seme-alabek duintasunez mugitu eta bizi ahal izango duten alokairu bat behar dugu. Oso premiazkoa da eta ez dugu beste aukerarik”.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 10a
\"Udal kiroldegiko instalazioak erabiltzen aritu ginen dutxatzeko, baina gaur egun aukera hori ere ezinezkoa da, zutik mantendu ezin delako\" (Argazkia: Gure SeƱeak)

Osoigo plataformaren bidez egin dute eskaera. Duela sei urtetik, 60 metro koadroko etxebizitza batean bizi dira hiru seme-alaba eta bi gurasoak, eta 12 eta 15 urteko bi semeek, gaixotasun arraro baten ondorioz, desgaitasuna dute, gurpil-aulkian mugitzen dira. “Gure etxea txikia da, komun bakarra du, ezin da egokitu eta hiru logela izan arren, nekez mugitzen gara etxebizitzan. Gure semeen bi gurpil-aulkiak eskailera-buruan utzi behar ditugu, etxebizitzatik kanpo”. Zailtasunik handiena da semeek ezin dutela komunean behar bezala garbitu: “Udal kiroldegiko instalazioak erabiltzen aritu ginen dutxatzeko, baina gaur egun aukera hori ere ezinezkoa da, ezin delako zutik mantendu”.

"Etsita gaude"

Egoera jasanezina dela eta mendekotasunaren eta terapien gastuak tarteko, euren kabuz ez dutela etxe egokiturik lortzeko aukerarik azaldu du familiak plataforman, hainbat erakundetara eta Arartekora jo dutela dagoeneko, eta etsita daudela: “Ez dute gure egoera lehentasunezkotzat hartzen, eta, horregatik, ez digute etxebizitza egokiturik ematen”. Araudiaren arabera, genero-indarkeriaren biktimek eta etxegabetzeek baino ez dute lehentasuna alokairu sozialeko etxebizitza batean. “Irizpide hori guztiz egokia iruditzen zaigu, baina uste dugu gure familiak bizi duen egoera lehentasunezko irizpidetzat hartu beharko litzatekeela alokairuko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko”.

"Ez dute gure egoera lehentasunezkotzat hartzen, eta horregatik, ez digute etxebizitza egokiturik ematen"

Plataformaren bidez, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen erantzuna jaso du familiak. Uberak konpromisoa hartu du gaia aztertzeko eta azaldu du Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren baitan, etxebizitza promozio guztietan kupo batzuk gordetzen direla hain justu kideren batek desgaitasuna duen familientzat. “Zuen kasuan, aztertu beharko da baremazio hori modu egokian egin den ala ez. Horretarako, jakina, gure laguntza osoa izango duzue”.

Gure Señeak elkartea

Gaixotasun arraro bat duten neska-mutilei eta haien familiei laguntzen dien Gure Señeak elkartean dago familia eta haien babesa eta laguntza eskertu du, baina etxebizitzaren esparruan, ezin dituzte euren beharrak ase.

Gure Señeak elkarteko Luisma Landaluzeri elkarrizketa egin dio Nerea Goiti kazetariak Naizen: "Nekez uler daiteke Derion, eta XXI. mendean, honelako egoera batentzat irtenbiderik ez aurkitzea".