Osasun egoera gogorrena behin pasata, “heriotza ona” izateko eskubidea kontuan hartzeko eskatu du Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak (DMD gaztelerazko sigletan). Hiru eskaera egin dizkio Deseskaladarako Komite Teknikoari; pertsona nagusien eta sendatu ezin daitezkeen gaixoen laguntza, zaintza aringarriak eta hileta erritualak baimentzea.
“Normaltasun berriak eskubide guztiak errespetatu behar ditu”, adierazi du Fernando Marin DMDko presidente ordeak. Orain arteko egoeran, osasun sistema leporaino beteta egon denean, eskubide batzuk ez betetzea ulergarria dela, baina egoera hobetzen denean horiek errespetatu eta betearazi behar direla adierazi du.
Deseskalamendua bezala, neurri horiek ere era asimetrikoan ezarri beharko liratekela gehitu dute elkartetik. Dena den, oraingo egoeran, gaixorik dauden familiako kideak laguntzeko neurririk ez egotea “onartezina” dela adierazi dute, eta “segurtasun neurri eraginkorrak erabiliz” laguntza baimentzea eskatu dute.
Hileta zerbitzuei dagokienez, lehenengo fasetik aurrera baimenduko dituzte; hamabost pertsona batu ahalko dira aire librean egindakoetan eta hamar leku itxian egingo direnetan. DMDk oinarrizko zerbitzutzat deklaratzea eskatu zuen, “agur gizatiarrago bat baimentzeko, betiere segurtasun neurriak hartuta”.
“Heriotza ona”
Osasun krisiaren asterik txarrenetan zaintza aringarriak izateko aukerarik izan ez dela uste du Marinek; medikuaren kontzientziaren araberakoa izan dela dio. Hori horrela, zaintza aringarriak bermatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, etxeetan zein ospitale eta zaharren egoitzetan; sufrimendurik gabe eta duintasunez hil daitezen.
Dena den, osasun krisia ondo eta gaizki egindakoen inguruan eztabaidatzeko aukera ematen duela uste dute DMDtik, eta beraiek argi azaldu dute hobetu daitekeen hori zer den: heriotzaren momentua.