argia.eus
INPRIMATU
Deserriratu egin gaituzte eta badakite
  • Gure bizitzan zehar, jaberik gabeko zenbat ibaitan bainatu gara? Senarrik gabeko zenbat baratzetatik elikatu gara? Zenbat hazi kreole lorarazi ditugu aitarengandik, osabarengandik edo anaia ezkongabearengandik heredatu ez ditugun lurretan? Azken batean, zenbat emakume ezagutzen ditugu haien ametsak ereiteko lur-zatitxo batean sartu direnak, botere-erakunde heterosexualei aurre egin behar izan gabe? Gutxi izan dira askatutako lurretan bildu ahal izan diren andre libreak.

Amanda Verrone 2024ko uztailaren 15a
Ilustrazioa: Camila Schindler.

Ikuspegi juridikotik –boterearen aita-hizkuntza–, asimetria horren arrazoietako bat lurrerako eskubidearen bilakaerarekin lotzen da, hainbat arau-tradiziotan lurraren jabetza pribaturako eskubidearen aginduetara makurtuta egon baita. Beraz, lurra berreskuratu ahal izan duten emakume gehienek gizonen jabetza-eskubidea zalantzan jartzen ez duten mekanismoen bidez egin behar izan dute, baita lurra eta emakumeen eskubideak zalantzan jartzen ez dituzten baliabideekin ere.

Ezkontza, herentzia, merkatuko nekazaritza-erreforma edo agronegozioa nagusi den lurren nazioz gaindiko ekonomia baten erosketa eta salmenta. Familia, Estatua eta Merkatua: zuzenbideak gure gorputz eta lurraldeen gaineko menderatze maskulinoa mantentzeko legitimatu dituen instituzioak. Are gehiago, lurrerako giza eskubidea berandu aitortzeaz gain, jabetza eskubideari –berme gisa ulertuta– ez ezik, jabetzarako eskubideari ere lotzen zaio, hau da, eskuratzeko eskubideari. Praktikan, horrek esan nahi du gizonen eta emakumeon arteko lurralde-banaketa bidegabea naturalizatzea eta ontzat jotzea.

Andreok gizonekin eta haien erakundeekin harremanik izan gabe lur-zatitxorik ez edukitzea ez da fenomeno berria, ezta gaur egungo eraikuntza demokratikoaren ustekabeko inperfekzioa ere. Abya Yalan, emakumeen landa-titulartasun urria kolonizazioari dagokio, eta hori ezinbestekoa izan da lur metaketa gizon inbaditzaileen esku geldi dadin bermatzeko.

Kolonizazioaren hasieran, lurrerako sarbidea trukerako txanpon gisa erabiltzen zen emakumeei eskubide zibilak aitortzeko eta estrategikoki muga kolonialistak hedatzeko. Estrategia horrek ez zuen lurrean bakarrik eragiten, baizik eta andreen gorputzean, pertsona pobretu eta esklabotuetan, eta nekazaritza estentsiboko ereduan erabiltzen ziren ume eta animalietan.

Proiektu zibilizatzaile horrek kanporatu eta ustiatu egiten du bizirik dagoen guztia eta gizonen nagusitasunetik at dagoen guztia. Era horretan eraiki ditu Latinoamerikako estatu-nazio asko, baita  planetaren luze-zabalean dauden mendeko beste herri asko ere. Nancy Fraserrek irakatsi bezala, jatorrizko espolio heteropatriarkalari eta biztanleria zuritzeko proiektu supremazistari gehitu behar diogu gaur arte irauten duen metaketa kapitalistak borobildutako guztia.

Beraz, ez da kasualitatea emakumeek gidatutako eta landutako lursailik ia ez ezagutzea. Gure lurrak lapurtu dizkigute. Deserriratu egin gaituzte eta badakite. Eta gatibutasun hori ziurtatzeko, lanaren banaketa (hetero)sexuala ezarri digute, eta, gainera,  horren ondorioei maitasuna deitzen ikasi dugu. Zuzenbide Estatuaren oinarriek legitimatutako lurralde-arpilatzea da, gizonen arteko askatasuna eta ermandadearen historia besterik ez den kontratu sozial batean errotua.

Azken finean, Carole Pateman-ek azaltzen duen bezala, kontratu sozialaren existentzia aldez aurretik beste kontratu inplizitu bat egon delako da; kontratu sexuala, hain zuzen ere. Kontratu horrek aukera eman die gizonei emakumeen gorputzak arautzeko eta haietara iristeko, eta, aldi berean, galarazi egiten die emakumeei gizarte modernoetan parte-hartze politiko eta herritartasun osoa izatea. Monique Wittig-ek beste urrats bat eman eta "kontratu heterosexual" izendatu zuen; andreak izaki "jabetuak" eta "jabegarriak" direla uste baitzuen, eta, beraz, kontratuko elkarrekikotasunik ez dutela zioen.

Egoera global bortitz, belizista eta ultra-eskuinak gora egiten duen honetan, andreek lurrerako duten giza eskubidearen eraginkortasunak ezin du jarraitu erretorika hutsa izaten Mendebaldeko arrazoi maskulinoaren bakarrizketa sendotzeko. Lurrerako sarbidea oztopatzeak boterearen erakunde geopolitiko sexista eta arrazistari erantzuten dio. Gure erronka, hortaz, bizitzaren menderatze-sistema anizkoitz hori ikusaraztea eta ezegonkortzea da. Emakumeon mugimenduetan (err)existentzia feministaren praxian jada loratzen diren beste eredu batzuk legitimatuta lortu daiteke; eta horiek, nekez iristen dira lurralde-antolamenduaren monopolio juridikora.