argia.eus
INPRIMATU
Olor
Deserosotasunaren apologia
Gorka Intxausti Aranguren 2025eko martxoaren 14a
Gorka Intxausti Aranguren / ARGIA CC BY-SA

Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.

---------------------------------------------------------

Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.

Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere bigarren diskoari, 2022an. Gerora azaldu izan du berak ez duela hain pasibo ulertzen; esperantza zera dela, bere ustez: “Zeozer egitea, jakinda zeozer egiten badugu buelta emango diogula egoerari”. Bada, halako zerbait sinetsita bertaratu gara Bilboko Sarean espazioan After Post kolektiboak antolatu kontzertura.

Potea eskatu eta harengana hurbildu garenerako hasi du kontzertua, kable eta sintetizadoreen oihanetik. Soinu industrialak perkusio, hitzak beti zorrotz. Olorrek ez dio inori erdibidean gelditzen uzten, alde edo kontra egoteko gonbita da ikuskizuna. Kantuak, kapitalismoaren eta faxismoaren kontrako manifestu. Hitzak eta musika ez dira, ordea, Olorrek adierazteko duen modu bakarra; ez da geldirik egon bigarren kanta bukatu denetik: orain lurrean etzan, orain publikoaren artean kontaktu bila aritu, orain zure begietatik hamar zentimetrora kanta oso bat kantatu. Performancearen mugimendu ez-serio, ez-estetiko, ez-maskulinoek gogorarazten digute erosotasunak bi alde dituela, eta deserosotasuna jasaten den gisan eragin daitekeela. Alegia, izan daitekeela zauri, arma edo alarma. Eta horretan, denok gara errudunak, errua ez bada inorena. Nork bere zama darama.

Aurreko paragrafoaren hasieran hala esan dudan arren, honezkero konturatuko zinen ez dela kontzertu bat izan. Ez adiera klasikoan, behintzat. Asko izan du performancetik eta probokaziotik. Eta dena, zu –eta ni, eta bertaratu diren guztiak– deriba arriskutsuenetatik salbatzeko.

Lagun batek beti esaten dit berak sortzaileak eta proiektuak sinetsi egin behar dituela, gustuko izango baditu. Baina hori nola egiten da? Argi dago ez dela guztiz arrazionala. Artista batzuk entretenigarri zaizkigu eta listo. Baina agertzen diren antzera, desagertu egin ohi dira. Esango nuke pertsonaren egunerokoaren eta proiektuaren artean dagoen distantziak markatzen duela zerbaiten sinesgarritasuna. Egoaren eta alter egoaren artekoa. Hala, Jokinekin ez daukat zalantza askorik. Olor eta Jokin bat dira. Hainbat proiektutan ezagutu dugu, eta haren ibilbidea apur bat jarraitu duenak badaki parte hartzen duen proiektu bakoitza dela borrokarako tresna berarentzat. Zerbait erre nahi dugunontzat, gasolina. Eta gasolina usaina ez da berehala desagertzen.