Badakigu lerroburuak arreta erakarri egin behar duela; eta esajerazioa dela hartarako baliabide bat. Baina... ez ote da gehiegitxo The New York Times txit ohoragarriak Japoniako hauteskunde parlamentarioen biharamunean dakarrena: “A Seismic Election Sends Asia’s Most Stable Democracy Into Chaos”? Asiako demokraziarik egonkorrena? Hauteskunde sismiko batzuek kaosera daramatena? Benetan?
Urriaren 27an Japonian behe Ganbera eraberritzeko egindako hauteskundeei kalifikazio bat esleitzekotan… “sismikoa” baino dezente lehenago letorke “mingotsa”, “ustel ateratakoa”, edo antzeko zerbait. Ala “itxaropentsua”?
Hara: Alderdi Liberal Demokratikoaren nagusi eta lehen ministro berri bihurtu eta bederatzi egunera deitu zituen hauteskundeak Shigeru Ishibak, ordura arte Defentsa ministroa zenak. Epez, hartara behartuta ez zegoenean. Antza denez, espero zuen alderantzikatuko zuela 2021eko urrian –orduan bai arauzko epean– aurreko hauteskundeak irabazi zituenetik, eskandaluz eskandalu, oniritzia galtzen joana zen Fumio Kishidaren jaraunspena. Egia osoa esateko, Yoshihide Suga eta Shinzo Aberen agintaldietatik zetorren kontua.
Ez da halakorik gertatu. Ishibaren Alderdi Liberal Demokratikoak, parentesi txiki batekin, duela ia 75 urtetik berak bakarrik beti lortu izan duen gehiengo osoa, Komeito eskuin budistarekiko aliantzaz apaindu ohi duena, galdu egin du. Garbiro: hemezortzi diputatu falta zaizkio koalizioari 233ko gehiengoa osatzeko. Eta Ishin eskuindar populistarekin gehiengo hori osatu baleza, gorabehera dezente izan ditzake hiruko horrek. Baina kaosa...
Bihurriagoa izan daiteke, bai, emaitzen irakurketa soziopolitikoa: aspaldiko parte-hartzerik baxuena izan dute aurtengo urriaren 27ko bozketek. Eta hori, parte-hartze baxua, betiere, liberal-demokratentzat mesedegarri zela irizten zen orain arte. Ez da hala gertatu, eta horrek ozpindu egiten du, oraindik gehiago, porrota. Komeito eta Ishinek ere, apalagoak bederen, beherakadak pairatu dituztelako, aldi berean.
Iruntzia, noski, oposizioan jarraitu beharko duen Alderdi Demokrata Konstituzionalaren, eta haren eskuineko disidentziatik sortutako Jendearentzako Alderdi Demokratikoaren, gorakada nabarmenean datza. Inoiz ez bezalako emaitzak lortu dituzte.
Zergatiak askotarikoak izango dira, eta jendearen estutasun ekonomikoak eta politikarien eskandaluak ez ziren makalenak izango. Baina liberal-demokratek azken urte hauetan, Ishin bezalakoen bulkadarekin, agenda politikoaren lehen lerrora ekarri nahi izan duten konstituzio bakezalea baztertu eta herrialdea berriro armatzeari ekiteko asmoak zerikusi dezente izan du, ziur. Inoiz ez du jende arruntaren oniritzia izan asmo horrek, eta hauteskunde atarian Ishibak “Asia Ekialdeko NATO” baten alde egitea hutsegite potoloa izan dela esan liteke.
Bada desengainu horren mingostasunarekin aurre egin behar dio Ishibak... Trumpi, agian?