argia.eus
INPRIMATU
Desberdina eta berezia
  • Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.

Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko abuztuaren 05
Luis Fernando PĂ©rez

Fitxa: Donostiako Musika Hamabostaldia. Ganbera Musika Zikloa. Luis Fernando Pérez (pianoa). Egitaraua: Albénizen ‘Iberia Suite’. Lekua: San Telmo Museoa. Data: abuztuaren 4a.

Iberia beharbada espainiar piano-literaturako lanik garrantzitsuena da, baita garai guztietako pianorako musikaren gailurretako bat ere. Bere hamabi piezek, lau koadernoetan bilduta daudenek, lehen mailako ahalegin tekniko eta interpretatiboa eskatzen dute. Ausardia behar da honi ekiteko!

Eta Luis Fernando Pérezek ausardia izan du eta erakutsi du posiblea dela obra honi buelta bat ematea eta beste bertsio bat eskaintzea, nortasun propioarekin. Beste gauza bat izango da konparazioak egiterakoan nahiago izatea honen bertsioa edo aurretiko beste batzuk. Baina, nolanahi ere, Perez gainerakoetatik bereizi zen, zalantzarik gabe.

Saio iradokitzaile eta berezia izan zen. Ez hainbeste pianistaren perfekzio teknikoagatik, baizik eta pieza gehienei eman zien atmosferagatik. Muturrera eramandako elementu inpresionistak entzun genituen, lainotan bildutako soinuak, oso sotilak...

Agian muturreko fintasunak entzun genituela esango nuke. Baliteke nik nahiago izatea Perezena baino Iberiaren bertsio freskoagoa, zoroagoa eta lotsagabeagoa. Baina bere bertsioa, zalantzarik gabe, berezia da, oso.

Ez ninduen konbentzitu Evocación edo Almería bezalako piezetan egindako adierazkortasun gehiegikeriak, batzuetan interpretazioa hain eztitsua zenez, hari melodikoa galtzen baitzen.

Era berean, El Albaicín Suiteko piezarik ederrenetako batean, interpretazioari nortasun-plus hori emateko saiakerak piezaren muina desitxuratu zuen une batzuetan.

Oro har, esfortzu tekniko handia eskatzen duten piezak oso ondo konpondu zituen, nahiz eta batzuetan zailtasunek lerro melodiko argia eragozten zuten. Hori Triana-n, Lavapiés-en (piezarik zailena, zalantzarik gabe), edo Eritaña-n nabarmendu zen.

Azken batean, berezko nortasuna erakutsi zuen pianistak. Beraz, badugu zer aukeratu.