argia.eus
INPRIMATU
Desazkunde turistikorako hamasei proposamen aurkeztu ditu Bizilagunekin plataformak
  • Turismoaren inguruan eztabaida soziala bultzatu eta herritarren bizitzak erdigunean jartzea helburu duen Bizilagunekin plataformak agerraldia egin zuen apirilaren 16an, Donostiako San Jeronimo kaleko kriptan, desazkunde turistikoa sustatzeko hamasei proposamenekin.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2019ko apirilaren 23a
(Argazkia: IƱaki Agirre)

Desazkundea helburu gisa finkatu dute plataformako kideek, turismo jasangarriaren kontzeptuak bere balioa galdu egin duela uste dutelako. Euren ustetan, Donostian gutxi batzuen negozioa herritarren gehiengoaren bizitzan kalteak sortzen ari da: etxebizitzaren arazoa areagotzen, enplegu prekarioa biderkatzen, hirigintza zentzugabea eragiten, merkataritza txikia itotzen, kultur eredu komertzialak sustatzen eta homogeneizaziora bideratzen, besteak beste”.

Horregatik, desazkunderako urratsak emateko ordua iritsi dela diote, eta hurrengo proposamenak garatu dituzte norabide horri heldu eta herritarren artean idarrak biltzeko:

1- Turismo ereduaz eztabaidatzeko gune publiko eta iraunkorra sortu.

2- Bizilagunen bizi baldintzak aztertzen dituen hiri-behatokia sortu.

3- Hiriak ez du monokultibo turistiko bat izan behar. Hiriko ekonomia orekatu baten alde, beste jarduera ekonomikoak bultzatu.

4- Merkataritza jardueretan egutegien eta ordutegien malgutzea eten (jai egunetan jai egitea, gauez dendak ez irekitzea…).

5- Hiri-markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatu (publizitate kanpainak, turismo-azokak…).

6-Pisu turistikoen kopurua murriztu eta mugatu.

7- Hotelen lizentzia esleipenak gelditu.

8- Hiriko gune saturatuen plan berezia eratu (mugikortasuna, hiri-espazioa, osasuna, merkataritza…).

9- Auzo-bizitza eta kale-bizitza ahalbideratzeko azpiegitura eta baliabideak eskaini (iturriak, eserlekuak, gune estaliak, kirolguneak…). Kalearen merkantilizazioari ez!

10- Elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak erraztu, hiriaren bizitza eta nortasuna gorpuzten dutelako.

11- Jarduera kulturalen erabilera komertziala ekidin.

12- Hizkuntza ofizialen erabilerarako indarrean dagoen araudia betearazi, salbuespenik gabe.

13- Balio ekologikoa duten guneak zabaldu eta babestu.

14- Eskualde mailako beharren araberako mugikortasun eredua diseinatu. Garraio-azpiegitura erraldoiei uko egin.

15- Turismoak biztanleen osasunean eragiten dituen kalte zuzenak (estresa) aztertu eta hauen erreparaziorako neurriak hartu; bereziki gune saturatuetan.

16- Tasa turistikotik jasotako diru-sarrerak ongizate politiketara bideratu, inolaz ere ez jarduera turistikoak indartzera (sustapen jarduerak, azpiegitura turistikoak).

 

Albiste hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.