argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Desazkunde itsusi hori!

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 05a
“Hazkundearen mugak” ikerlana gidatu zuen Donella H. Meadows eta bere lantaldea.

Epe laburrera humanitateak bi arazo existentzial erraldoi bederen baditu, gerra atomikoa –erdi ahaztua genuen, baina...– eta aldaketa klimatikoa. Lehena azkarra litzateke eta bestea geldoagoa gure bizitzei begira, baina oso azkarra gizateriaren historia aintzat hartuta.

Ezin uka biek kezkatzen dutela herritarra, gutxienez Mendebaldean, garapenean diren herritarren sentipena beste upeleko kontua delako: larri denarentzat etorkizuna gaur da. Gas, elektrizitate edo erregaien igoerak hartzen du agenda, instituzioetan eta tabernetan. Herri xeheak gorriak bizi ditu ostera ere, eta agintariek behar dena esango dute hura kontentu izan... edo engainatzeko, bata eta bestearen artean sarri ez baitago desberdintasun handirik.

Energia, energia eta energia, ez dugu besterik azken urteetan eta, zer esanik ez, azken egunetan. Lehengaien agortze doinuak aspaldikoak dira. Atzo, globalizazioaren eta garraioaren mugak agerian geratu ziren COVID-19arekin; gaur, Ukrainako gerrak prezioak eztandarazi ditu. Dena da hidrogeno berde, energia berriztagarri, haize, eguzki... eta teknologia. Saudi Arabiak esaten du 2040rako aurkituko duela CO2a xurgatzeko teknologia egokia, bitartean ikertu eta probatu egin behar dela. Eta bati gogora ekarri dio Don’t look up (Ez begiratu gora) filma, non aberatsik aberatsenak teknologiaren miraria eskaintzen dion AEBetako lehendakariari, Lurrera zuzen datorren meteoritoa geldiarazteko, baina azkenean dena alferrik.

Aurten bete da mende erdia Erromako Klubak Hazkundearen mugak lan erraldoia kaleratu zuenetik. Zentzunak argi zioena zientziaz jantzi zuten txukun eta eder 1972ko hartan: “Industrializazioa, elikagaien produkzioa eta baliabideen agortzea egungo joeran mantentzen badira, ehun urtetan gure mugara iritsiko gara”. Azti begiekin, gainbehera 2020tik aurrera hasiko zela iragarri zuten. Epelak entzun behar izan zituzten.

Kolapsorako bidea, jakina, ez da zerutik erori, sistema kapitalistaren fruitu ankerra da, bizitza beharrean aberastasuna eta zapalkuntza erdian jartzearen ondorio. Engainurik eta iruzurrik handiena zen –eta da– ez dela beste alternatibarik egon, Margaret Tatcherrek zioen moduan. Baina kapitalistek, gogorrek eta bigunek, ez dute halakorik onartzen. Ezta gure agintariek ere, izan Urkullu edo Chivite, Tapia edo Irujo. Hazkunde ekonomiko beti-jasangarriaren jauregietan ez aipa desazkunde itsusi hori. Ezta legebiltzarretan edo bestelako erakunde eta alderdietan ere. Ixo! Horrek ez du botorik ematen.

Baina eskasiak energia nola, denborak desazkundea ere agendan jarri du. Begiratu bestela datozen urteetan nola doazen behera Nazioarteko Diru Funtsaren edo Mundu Bankuaren herrialde garatuenen hazkunde aurreikuspenak. Hori badator, kontua da ea egungo aberastasunaren metaketa-hondamendi hau bezainbeste planifikatuko den, herritarren gehiengoari aukera gogor baina duin bat emanez, edo faxismoaren desazkundea gailenduko den.