Oldartu gazte dinamikak antolatuta hitzaldia eman zuen igandean Itsasun. Elkarretaratzea eginen dute atxiloketa salatzeko, gaur 18:30ean, Baionako San Leon itzulgunean.
Desarmons-les kolektiboko Ian B. atxilotu du Frantziako poliziak Parisen, Euskal Herrian hitzaldi bat ematetik trenez etxera zihoala. G7koen gailurraren kontra osatu den Oldartu gazte dinamikak antolatuta hitzaldia eman zuen igandean Itsasun, Frantziako polizia indarren “errepresio estrategiak” eta erabiltzen dituzten arma ezberdinak aurkezteko. Tokian toki ematen dituen hitzaldietan, poliziaren indargabetutako munizioak erakutsi ohi ditu Ian.B-k, eta hori da hain zuzen ere poliziak atxiloketarako erabili duen arrazoia, “debekatutako armak” eramatea leporatu diotelako Desarmons-les kolektiboko kideari.
“Auzo probreetako biztanle zein jaka horien aurka Frantziako polizia-indarrek eragin bortizkeria, mutilazio eta hilketak salatzen urteak daramatzan kolektibo hau errepresioarekin kolpatzea helburu duen bidegabekeria hau irmoki gaitzesten dugu”, salatu du Oldartu gazte dinamikak. “Gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diogu Desarmons-Les kolektiboari. Azken hilabeteotako Macronen gobernuaren lerratze autoritarioaren baitan ulertzen dugu atxiloketa hau”. Ian B. eta Desarmons-Les kolektiboaren aldeko elkarretaratzea deitu du gazte dinamikak, gaur arratsean, 18:30ean Baionako San Leon itzulgunean.
Artikulu hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.