argia.eus
INPRIMATU
Desarmeari Madrilek emandako erantzun txarra munduan kasu bakartzat jo dute egiaztatzaileek
  • Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan dute Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek. Adierazi dutenez, ez dago munduan beste kasurik ETA bezalako talde armatu batek desarme prozesua abiatzeko erabakia hartu eta erakunde publikoen babesa jaso ez duenik.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 24a
Egiaztatze Batzordeko Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe, Auzitegi Nazionaletik ateratzen. (Argazkia: Wunitv.com)

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia Madrilera joan ziren espresuki egiaztatzaileoi babesa adieraztera.

"50 urtetan lehendabizikoz armak erabili ezinik uzteko konpromisoa hartu du ETAk", diote egiaztatzaileek. "Ez da denborarik galdu behar emandako lehen urratsari eta arma kopuruari buruz eztabaidatzen, sakoneko helburua ahaztu egiten delako".

Euren hitzetan prozesuan laguntzea "oso zail" egiten ari zaie, "ia ezinezkoa", jasaten ari diren jazarpenagatik. Diotenez gobernuei, buruzagi politikoei eta herritarrei dagokie erabakitzea prozesuak aurrera jarraitzen duela ziurtatzeko modua zehaztu behar ote den.

Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratu dute batzordeko kide Manikkalingam, Kasrils eta Maccabek, Covite ETAren biktimen elkartearen eskaerari erantzunez.

"ETAk bere konpromisoa azaldu du. Prozesuak aurrera egin dezan laguntzeko gaude hemen, ez soilik Euskal Herriko biztanleen intereserako, baita Espainiako gainerako herritarren intereserako ere", adierazi du Manikkalingamek. "Esperientziadun profesionalak gara eta uste dugu benetako aukera dagoela bakea lortzeko. Beti egin dugu lan gehiengoaren babesarekin".