“Desjabetuon kontrolpeko gunea lapurtu eta suntsitu” nahi dutela salatu du Errotxapeako Gaztetxeak (Iruñea, Nafarroa). Besteak beste, La Caixa banketxeak eraikinean etxebizitzak egiteko agertutako asmoak eta Iruñeko Hirigintza Sailak eraikinean ekitaldi publikoak egiteko ezarritako oztopo administratiboak aipatu dituzte asanbladako kideek. Era berean, Navarra Sumaren “helburu politikoa” gaztetxeak desalojatzea dela ikusita, mehatxuaz ohartarazi dute; erresistentzia antolatzeko deia egitearekin batera.
Ehundik gora izan dira Errotxapeako Gaztetxeak egindako deialdiarekin bat egin eta Iruñeko Errotxapea auzoko gaztetxearen atarian elkartu direnak. “Auzoa eraldatu eta alternatibak sortzeko” sortutako proiektuak auzoko kolektiboekin elkarlana sustatzeaz gain, espazio intergenerazionalak sortzeko balio izan duela azpimarratu dute gaztetxeko kideek. Proiektua “bi eredu kontrajarriren arteko talka” dela azpimarratu dute prentsaurrean: “sistema konsumista eta espekulatzailea eta bestea auzo altenatibo eta interkulturala”.
Mehatxuak eta erasoak
Hainbat izan dira gaztetxeko kideek salatu dituzten eraso eta mehatxuak. Batetik, La Caixa banketxeak eraikinean etxebizitzak egiteko agertutako interesak eragindako mehatxua azaldu dute: “La Caixari zortzi urte hutsik zeraman eraikin honetan interesa piztu zitzaion eta pisuak egiteko aitzakiapean proiektu honen aurkako prozesu judiziala hasi zuen, oraindik martxan jarraitzen duena”. Asanbladako kideek agerian utzi nahi izan dute Errotxapean hamaika familia kaleratu dituztela beste horrenbeste etxebizitza hutsik egonda ere gaztetxea dagoen eraikinean etxebizitza berriak egin nahi dituztela: “gure ametsa eta proiektua zapaldu nahi dituzte etxebizitza gehiago eraikitzeko”.
Bestetik, Iruñeko Hirigintza Sailak eraikinean ekitaldi publikoak egiteko ezarritako oztopo administratiboa salatu dute. Izan ere, Iruñeko Udalak, ebazpen administratiboaren bitartez, 6.000 eta 60.000 euro arteko isunarekin eta espazioaren itxierarekin mehatxatu ditu gaztetxeko kideak, ekimen publikoak egitekotan.
Azkenik, maiatzeko hauteskundeak ere izan dituzte hizpide asanbladako kideek. Izan ere, gaztetxeko kideek ohartarazi dute Navarra Suma alderdiaren jopuntuan daudela gaztetxeak, “bere helburu politikoan ikus daitekeen bezala”. Bide horretan, UPN alderdiak iraganean “modu ilegalean eta gupidarik gabe” desalojatu zituen gaztetxeak izan dituzte gogoan: “Irule Gaztetxearen desalojoa ahaztuko dugulakoan bazaudete, oker zabiltzate. Baita Euskal Jai Gaztetxean egin zenuten suntsipena ere”, adierazi dute.
Eraso eta mehatxuen aurrean gaztetxeak defendatzeko deia egin dute elkartu diren ehundik gora gazteek. Hori dela eta, Errotxapeako Gaztetxea eskura dituzten “baldiabide guztiekin” defendatuko dutela aldarrikatu dute: “Auzo eta mundu hobe bat eraikitzeko bidean honelako espazioak beharrezkoak dira eta edozein erasoren aurka borrokatzea zilegi da”, gehitu dute.