argia.eus
INPRIMATU
Derrigorrezko soldadutza Europar Batasunean?
  • Macronek hauteskunde kanpainan soldadutza berriz ere derrigorrezko egin nahi zuela adierazi zuen eta 2019an abian jarri zuen "Zerbitzu Nazional Unibertsala" (SNU frantsesezko sigletan) izenarekin. Handik gutxira bere egin zuten proposamena ondorengoek: Salvinik Italian, Mayk Erresuma Batuan, Alemaniako prentsaren zati handi batek eta Marokoko erregeak. Halere, Ukrainako guda hasi denetik, guda masibo baterako prestatzen ari balira bezala ari dira jokatzen herrialde ugari. Zenbait hipotesiren arabera, 2012 inguruan jaiotako Europako gazte guztiak soldadutzara bidali nahiko dituzte, edo gudara.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 03a

Militarismoaren igoerari jarraipena egiten diote Communia blogean eta azken hilabeteetako mugimenduen jarraipena eginez, mahai gainean jarri dute derrigorrezko soldadutzaren inposizioa.

Ikusteke dago Europar Batasuneko hurrengo belaunaldiei derrigorrezko soldadutza inposatuko dieten, baina Ukrainako gudak sorturiko testuinguruan militarismoaren igoera nabarmena da eta merezi du gaiari erreparatzeak.

16 urtetik gorako gizon eta emakume guztientzat, eta entrenamendu militarrean oinarritu beharrean, "hezkuntza-patriotikoa" egitea litzateke helburua, ikasketa militarra beharrean. Horixe da Macronen proposamenetik indar hartu duten ideiak "soldadutza berri" hau planteatzeko orduan.

Urteak igarota, "soldadutza berri" hori –Frantziako Estatuan "Zerbitzu Nazional Unibertsala" deitu dutena eta probazko fasean dagoena– soilik Hexagonoan jarri dute indarrean. 2019an 2.000 gaztek hartu zuten parte, 2021ean 15.000ek eta aurten 50.000 izatea espero dute. Hilabetez egoten dira gazteak zerbitzu militarra egiten. Macronek ez du amore ematen eta 2024tik aurrera derrigorrezkoa izatea nahi du. 

Erreklutak Suedian.

Azken urtean soldadutza berpizteko proiektuak indar hartzen ari dira Alemanian, Letonian eta Lituanian. Herbehereek, bolondres faltagatik, azterketa-fasean daukate. Blog horretan jaso dutenez, Norvegia eta Suedia dituzte eredu derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzea aztertzen ari diren herrialdeek. Eskandinaviako herrialde horietan “adin militarra” duen gazte oro lehia-proba batzuk egitera deitzen dituzte eta horietako batzuek egiten dute soldadutza.

Gudara bidali nahi duten belaunaldia?

Artikulu horren egileek mahai gainean jartzen dute herrialde zenbaiten goi arduradun militarrak Europa eta Asiako armaden arteko “intentsitate handiko gerra” bat aurreikusten ari direla 2027 eta 2030 urteen artean. Ukrainia eta Errusiaren arteko gerra hasi baino lehen, Parisek 3.000 miloi eurorekin handitu zuen urteko aurrekontu militarra. Gerora, NATOko herrialdeak ere konprometitu dira bestelako behar sozialetarako soberan ez leudeken milaka milioi euro armak erostera bideratzea.

Europar Batasuneko herrialdeak, Alemania buru, aurrekontu militarrean egiten ari diren hazkundeari gehitzen bazaio geopolitikan estatuen arteko harremanak hartzen ari diren norabide gatazkatsua, artikulu horretan herrialdeak hartzen ari diren erabakiak zerrendatzen dituzte.

EB bere garraio-sistema erreformatzen ari da –batez ere trenak eta autobideak– Errusiaren aurkako balizko gerrak lor litzakeen beharretara egokitzeko. Txekiar Errepublikako lehendakaritza berriaren helburu nagusia izan da "elikadura-segurtasunaren" ikuspegi estrategikotik berriro diseinatzea nekazaritza-politika. Erreklutamendu-sistemak ere zabaltzen ari dira.

19 eta 18 urteko bi errekluta –hurrenez hurren– gudarako mobilizatuak Ukrainan. 

Polonian aurrekontu militarra urte batetik bestera aurrekontu guztiaren %5 izatea onartu dute berriki eta herritarrak erreklutatzeko sistema aldatu dute armada bikoiztu ahal izateko.

Honela borobiltzen dute artikulua:

"Militar europarrak 2030 urteko perspektibarekin guda horretarako baldintza materialak sortzen ari dira pixkanaka, herrialdez herrialde, baina oso azkar. "Bigarren mundu gudaz geroztik ikusi ez dugun baja kopurua" espero dute [diote, Frantziako armadako buruak herrialdeko legebiltzarrean ateak itxita eginiko azalpenean oinarrituta]. Europako estatuek esku artean dauzkaten agertoki estrategiko horien arabera, 2012 urte inguruan jaio diren pertsona guztiak, gaur egun 10 urte dituztenak dira bigarren mundu guda batez geroztik masa guda batera joateko aukera gehien dituztenak".