argia.eus
INPRIMATU
Derrigorrezko soldaduska kentzea lortu zuten intsumisoei buruzko dokumentala zuzenduko du Lander Garrok
  • 2 urte, 4 hilabete film dokumentalak Hego Euskal Herrian derrigorrezko soldaduskaren kontra borrokatu zuten sei lagunen historia jasoko du. Lander Garrok zuzendutako lana Berlingo zinema jaialdian aurkeztuko dute Basque Audiovisual katalogoaren barruan eta burututa dagoenean zinema aretoetan estreinatuko da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko otsailaren 08a
Intsumisioaren aldeko pintaketa bat egiten Iruñeko Gaztelu Plazan (argazkia: Ekinklik).

Gaztetan soldaduskaren kontrako borrokan konprometitu ziren sei lagunen historia jasoko du Lander Garro zuzendari oreretarrak. Mugimendu hartan parte hartzeko bakoitzak izan zituen motibazioak bilduko ditu dokumentalak 2 urte, 4 hilabete filmean, zerbitzu militarraren kontra agertzeko arrazoi ugari izan zirela gogora ekarriz, bakezaletasunetik hasi eta joera politiko anarkistetaraino, abertzaletasuna, sinesmen erlijiosoak eta desobedientziaren aldeko jarreratik pasaz.

Izar films arduratu da filmaren ekoizpenaz eta prentsari bidalitako informazioan gogora ekarri dutenez, intsumisoek euren borroka irabaztea lortu zuten arren, garaipen hark ez du sekula ospakizunik izan. “Mugarri historikoa izan zen ordea, ordutik gazteek ez baitute derrigorrezko zerbitzu militarra egin beharrik. Dokumental honek ospakizun hori helarazi nahi die egungo ikusleei”, ekoiztetxearen arabera.

Horretarako, intsumisoen garaipenak mende laurdena bete duen urte hau aukeratu dute: orduko gazteek 50 urte inguru dauzkate gaur egun eta ikuspegi horretatik jardungo dute atzera begira.

Filmak irudi esklusiboak erakutsiko dituela ere aurreratu dute: 2012an eraitsi zuten Iruñeko kartzela zaharrean sartu ahal izan zuten Labrit Multimediako kideek filmeko protagonistekin batera eraikina bota baino ordu batzuk lehenago –barruko irudiak jaso ahal izan zituen ekoiztetxe bakarra izan zen–. Preso sartu zituzten edifizio horrek eragingo dizkien sentsazio kontrajarriak ere erakutsiko ditu filmak.