argia.eus
INPRIMATU
Derrigorrezko nekazaritza zerbitzua
  • Sergi Caballerok Espainiako Gobernuari eskaera hau egin dio: 20 urtera iritsi ondoren, 9-12 hilabete eman ditzagula denok lurrarekin eta animaliekin hartu-emanean, tokiko komunitateko nekazaritza ustiategietan lankidetzan.

Jakoba Errekondo 2020ko urriaren 01

Atzo etorri zait eskura Sergi Caballero González nekazari katalanaren idatzi bat. Sergi oso ezaguna da nekazaritza iraunkorraren alde egiten duen etengabeko lanagatik. Bere izena askotan ikusten da hitzaldi, batzar, eskola eta batez ere sareetan. Batez ere permakultura deritzonaren sustatzailea da. Permakultura aspaldiko nekazaritza eredu bat da. Etengabekoa edo iraunkorra den kultura adierazi nahi du. Kultura, noski, lurraren kultura, nekazaritza alegia.

Nekazaritza iraunkorraren oinarriak hiru dira. Lehenik, lurra zaindu behar dugu: lur bizia lur osasuntsua da eta gure bizitza eta osasuna zaintzeko era bakarra da. Bigarrenik, pertsona jendeak bizitzeko beharrezko dituen baliabidetara heltzeko aukera. Hirugarrenik, biztanleriari eta kontsumoari mugak ezartzea; gure beharrak gobernatuz, zenbait baliabide alde batera utz ditzakegu aurreko biak sustatzeko.

Gutako bakoitzak ikusi behar du bere burua non dagoen, iraunkortasunaren benetako ikuspegi horretatik zeinen hurbil edo urrun dagoen. Iraunkortasuna negozio bihurtua dute askok, tartean administrazio gehienek; eta ez dute ez lurra eta ez pertsonak jagoteko inolako asmorik ere; patrika besterik ez dute zaintzen. Berde eta iraunkor agertzen dute bere burua, gure egunerokoa, gure ingurua eta ingurumena kutsatuz. Eta gu galdu-gordean, nora gabean.

Nora gabe horri buelta eman eta etorkizunerako bidea, norabidea, geure esku hartzeko eta nolabidea atzemateko bide polita azaldu du Sergik. Espainiako Gobernuari egin dio eskaera, lege proposamen baten bidez ezar dezala Derrigorrezko Nekazaritza Zerbitzua. Eta honela argitu du: 20 urtera iritsi ondoren, 9-12 hilabete eman behar ditugu denok lurrarekin eta animaliekin eman-hartuan, tokiko komunitateko nekazaritza ustiategietan lankidetzan. Helburua da bizitzako oinarrizko prozesuetan parte hartzea eta ikastea eta oinarrizko elikagaien beharrak asetzea. Agian, modu honetan kalitatezko janari ekologikoen balioa ezagutu, eta bere prezioaz kexatzeari lagako diogu. Aldi berean, alokairuen eta hipoteken prezioa normalizatzeari utziko diogu, osasun sistemaren kontsumoa murrizten eta “kakak” jaten ditugun bitartean. Garai bateko derrigorrezko soldaduska bezala, baina eraginkorra, herriaren aldekoa, geroaren aldekoa. Alde onekoa, alde ederrekoa.

Ulertzea eta jabetzea bezalakorik ez da. Badakigu. Jakin badakigu. Jakin, ba al dakigu? Nola elikatzen duzu zeure burua, edo gauza bera dena, zeure alabarena?