Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea ere ditu xede.
Gaur egun, Katalunian, smartphoneak debekatuta daude Lehen Hezkuntzan, eta teorian nahiko salbuespenezko erabilera egiten da DBHn, helburu hezitzaileekin. Azken azterketen arabera, ordea, praktikan ez da hala, eta sarri erabiltzen da mugikorra Kataluniako eskoletan. Horri aurre egin eta zuzenean etapa guztietan mugikorrak debekatzea da Esther Niubó Hezkuntza kontseilariaren asmoa.
Hori bakarrik ez, 6 urtera arte, ikasgeletan material teknologikorik ez erabiltzea ere proposatu du Niubók. Ildo horretan, Bartzelonako Udalak haurreskoletatik material teknologiko guztia atera zuen 2022an, ikusita haurren komunikazioa eta beraien arteko lotura eta harremanak kaltetzen ari zirela.
Bilatu behar da modua konpetentzia digitaletan hezteko, giro osasuntsu bat mantenduta
Azkenik, eskoletako digitalizazioa nola egiten ari den aztertuko dute, eta horretarako, azken urteetan teknologia ikasgeletan nola inplementatzen ari diren eta ikasleek ordenagailuak, eramangarriak eta enparauak nola erabiltzen dituzten aztertuko du Ivalua enpresak. Niubóren hitzetan, pantailen gehiegizko erabilerak kezka soziala piztu du, baina aldi berean, ikasteko baliabide inportantea da teknologia, eta bilatu behar da modua konpetentzia digitaletan hezteko, giro osasuntsu bat mantenduta.
Hori guztia aurrera eraman eta estrategia finkatzeko, aditu talde bati txostena eskatu dio Hezkuntza Sailak. Besteak beste, osasunean eta ikuspegi sozial eta hezitzailean pantailek dituzten eraginei erreparatuko diete adituek, eta garbi adierazi dute: ondorioak ez dira bakarrik eskolei zuzenduak, etxeko eta familietako dinamikei bideratuta ere egongo dira.
Jaurlaritzari deia, mugikorrak debekatu ditzan
Ildo berean, Altxa Burua ekimenak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, ikastetxeetan mugikorren erabilera debekatzeko araudia atera dezan. Izan ere, gaur egun ikastetxe bakoitzaren bizkar uzten du Jaurlaritzak erabakia, eta eskolak mugikorretatik aske dauden arnasgune izatea nahi du ekimenak. Horretarako, sinadura bilketa abiatua du Altxa Buruak.
Bartzelonako Udalak haurreskoletatik material teknologiko guztia atera zuen, ikusita haurren komunikazioa eta harremanak kaltetzen ari zirela
Haur eta nerabeen pantailekiko esposizio goiztiar eta gehiegizkoak kezkatuta, guraso gero eta gehiago dira Altxa Burua ekimenera batu direnak, eta lorpenak agerikoak dira: DBHra pasatzean mugikorrik ez duten gazteak gero eta gehiago dira, familiek hala adostuta.
Berriki, urteko kanpaina onenaren Argia Saria jaso du Altxa Buruak.