argia.eus
INPRIMATU
Derrigorrezko atez ateko hondakin-organikoaren bilketa ezarriko du Kripango Udalak
  • Arabako Errioxan dagoen Kripan herrian bio-hondakinak etxez etxe biltzeko sistema abiaraziko dute. Azaldu dutenez organikoaren bilketa modu horretan eskaintzen duen "Arabako lehen udalerria" izango da.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 25a
(Argazkia: Kripango Udala)

Kripango Udalak eta Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak hondakin organikoak etxez etxe biltzeko eta errefusa edukiontzi itxietan jasotzeko proiektu "pilotua" abiarazi dute. Hala, organikoa biltzeko kuboak banatu dizkiete bizilagunei, denera 130 "birziklatze kit", baita errefusaren edukiontzia irekitzeko txartelak eta konpostaje puntura sartzeko giltzak ere.

Azaldu dutenez, neurri "aitzindari eta berritzaileak" dira eskualdean. Erabiltzaileek egun eta ordu zehatzetan utzi beharko dute kubo marroia etxeko atarian, eta hala egin ezin duenak, auzokonposta izango du beste aukera. Kuadrillak hondakinak kudeatzeko ordenantza aldatu behar izan du egitasmoa aurrera ateratzeko: herritarrak derrigortzen ditu bio-hondakinak bereiztera.

Sistema horrekin lortu nahi da sorturiko hondakinen %85 gaika biltzea, Europar Batasunak ezarritako birziklatze helburuak betetzeko.

Atez ateko derrigorrezko hondakinen bilketa Usurbilek ezarri zuen lehen aldiz, duela hamarkada bat baino gehiago, eta Bilduk beste hainbat hamaika udalerritan ere ezarri zuten sistema hori edo bere aldaerak, gaikako bilketa izugarri igoz. Orain Kripan izango da "etxez etxeko organiko-bilketa bat eskaintzen duen Arabako lehen udalerria"; EAJren esku dago horko udal gobernua.