argia.eus
INPRIMATU
Depresioa ez duela desoreka kimikoak sortzen adierazi du ikerketa batek, antidepresiboak zalantzan jarriz
  • Molecular Psychiatry aldizkarian argitaratu den ikerketa batek nabarmendu du depresioa ez duela serotonina faltak sortzen eta antidepresiboen funtzioa zalantzan jarri du. Hauen helburu nagusia serotonina kantitatea handitzea delako

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 27a
Pilulak. Argazkia: oliver.dodd, Flickr.

Merkatuan dauden antidepresibo gehienen helburua serotonina maila igotzea da, baina ikerketa berri batek ondorioztatu du ez dela serotonina falta depresioa sortzen duena. El Diarioren Quo aldizkariak azaldu duenez, urte askoan zehar mundu osoko psikiatrek depresioa “desoreka kimiko” batengatik sortzen dela uste izan dute. 

Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Antolakundeak 2019an adierazi zuenez, 2000 eta 2017 urteen artean antidepresiboen kontsumoa bikoiztu egin zen antolakundea osatzen duten herrialdeen artean, Euskal Herria bertan dago.

Usteak erdia ustel

Serotonina falta izan da orain arte, ustez, depresioa duten pertsonen arazoa. Horregatik, konponbidea serotonina maila igotzeko pilulak bat ematea izan da. Arazoa, uste hori egia ez dela frogatu izana da.

Joanna Moncrieff izan da ikertzaile nagusia, University College Londoneko psikiatria katedraduna eta North East London NHS Fundation Trusteko (NELTF) psikiatra kontsultorea da. Ziurtatu du serotonina irregulartasuna ez dela depresioa sortzen duena, ez horren maila baxuagoa edo sortze gutxitua ere.

Horrez gain kontuan hartu beharra dago antidepresiboek albo-ondorioak sortzen dituztela: libido gutxitzea, anorgasmia eta erekzioaren disfuntzioa, akatasia —geldirik ezin egotean datzan nahasmendua—, osteoporosia eta hezur-haustura izateko arriskua handitzea, eta glaukoma eta gaixotasun koronarioak izateko arriskua handitzea, besteak beste.