argia.eus
INPRIMATU
Deportazioko makro-hegaldi bat grabatu ahal izan du La Directa-k Bartzelonan
  • Hamabi ginear deportatu dituzte Bartzelonako Atzerritarrentzako Internamendu Zentrotik (CIE gaztelaniazko sigletan) astelehen goizaldean, eta La Directak sekula dokumentatu gabeko irudiak jasotzea lortu du. Espainiako Polizia CIEan sartu, ginearrak jaso eta nola deportatzen dituzten grabatu dute bideoz.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 27a
Makro-hegaldiaren irudiak (arg.: directa.cat).

Deportazioak Stop taldeak adierazi duenez aurreikusitako makro-hegaldia izan da. Espainiako Polizia Nazionalak egindako operazioa da. Madrildik Ginea Konakryrako bidean egin du geldialdia Bartzelonan.

Deportatutako hamabi pertsonak bezala, oraindik CIEan jarraitzen duten beste berrogei bat ginearrek gose-grebari ekin zioten uztailaren 10ean, asiloa eskatu eta deportazio kolektibo baten arriskua salatzeko. Gineara itzulitako hamabi pertsonei ukatu egin zaie asiloa. Beste berrogei lagunek laster beteko dute CIEan egoteko 60 eguneko gehienezko epea, eta aske gera daitezke.

Hamahiru pertsona eraman dituzte Prat aireportuan zegoen hegazkineraino, baina batek lurrean geratzea lortu du. Hark kontatu du nola sartu dituzten CIEtik furgonetetan binaka esku-burdinak jarrita, eta abioitik ateratzen ari zenean ikusi ditu zenbait kide aldaketatik lotuta.

Barceló konpainiari boikota

Barceló Bidaiak konpainiarena den Orbest lineako hegazkina da makro-hegaldi hauek egiten dituena. Deportazioen aurkako taldeek boikoterako deia egin dute eta Bartzelonan edo Valentzian, esaterako hasiak dira konpainia honen agentzietan ekintzak egiten.