argia.eus
INPRIMATU
Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko
  • Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek fusilatu zuten Anjel Lekuonaren iloba.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 25
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea 1940-1945

Bigarren Mundu Gerrarekin loturiko omenaldiez eta ekitaldiez beteriko urtea izango da aurtengoa: 80 urte beteko dira maiatzaren 8an naziek porrota onartu eta aliatuek kontzentrazio esparruak askatu zituztenetik. Euskal Herria ez da ekitaldi sorta horietatik at geldituko, eta horren harira, 1940tik 1945era nazioarte mailako gatazkaren ondorioz deportatu zituzten hego euskal herritarren memoria oroitarazteko koordinakundea aurkeztu dute astelehenean, Bilbon: Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea 1940-1945.

Bost elkartek osatuko dute koordinakundea: Amical de Mauthausen-ek, Errenteriako La Ilusion elkarteak (Gipuzkoa), Hradischko 1945 Flossenburg lan taldeak, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak eta Nikolas Gerendiain Irungo elkarteak (Gipuzkoa). Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria: hain zuzen, Gandariasen osaba, Anjel Lekuona, naziek fusilatu zuten 1945eko apirilaren 10ean, hainbat kontzentrazio esparrutan egon ostean.

"Europako beste zenbait lekutan ez bezala, deportazioa ez dago gure memoria kolektiboan", adierazi du Gandariasek aurkezpenean. Etxahun Galparsoro koordinakundearen idazkaria da, eta Berria egunkariari azaldu dioenez, frankismoak "mito" bat saldu nahi izan zuen: Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerrarik ez zela egon, Espainia Europatik aparte egon zela. Kontrara, Galparsororen arabera, milaka euskal herritar Europan egon ziren, ez bakarrik deportatuak: baita borrokan hildakoak, fusilatuak, desagertuak eta abar ere.

253 deportatu eta 113 hildako

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak emandako datuen arabera, 1940tik 1945era bitarte, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Bigarren Errepublikaren alde aritu ziren gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten: horietatik 113 hil egin ziren eta 125 bizirik atera.

Euskal Herri osoan, 600 deportatu gutxienez

Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten lagunak askoz gehiago dira ordea, Ipar Euskal Herriko herritarrak kontuan hartuz gero. 

ARGIAk 2020an egindako zenbaketa baten arabera gutxienez beste 355 euskal herritar deportatu zituzten Buchenwald, Auschwitz, Dachau eta Ravensbrückera, besteak beste, 1943 eta 1945 artean. Ipar Euskal Herriko herri ugaritako herritarrak ziren, horietako asko erresistentzian parte hartzeagatik. Hortaz, denera gutxienez 600 euskal herritar izan ziren deportatuak.