Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, milaka herritarrek hartu dute parte asteburuan Euskal Herrian antolatu diren ekitaldietan.
Aniztasunaren Korrikaldia
Korrikarekin bat egin eta lekukoa eraman dute arrazakeriaren kontrako hainbat elkartek (EH 11 Kolore, SOS Arrazakeria eta Gora Gasteiz tartean): bost kilometro guztira, Irunen, elkarbizitzaren aldeko deia zabalduz.
“Garrantzitsua da erakustea ongi-etorrirako hizkuntza dela euskara, hemengo nortasuna eta identitatea euskararekin lotuta dagoela derrigor eta hori ederra dela gainera”, adierazi du Fermin Muguruza abeslariak, EH11 Kolorek gonbidatuta lekukoa eraman duenetako bat izan baita bera.
Oinarrizko errentatik kanpo geratzen direnak
Iruñean, Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformak deituta ehun bat lagun bildu dira eta azpimarratu dute atzerritarrak eta paperik ez dutenak direla baztertuenak Nafarroan, oinarrizko errenta jasotzeko garaian.
“Sarri, duin bizitzeko daukaten aukera bakarra errenta hori da, baina ia 4.000 pertsona daude Nafarroan Oinarrizko Errentarik ez dutenak, aterperik ere ez dute”, azaldu du Javier Urroz plataformako kideak.
Mila lagun inguruk hartu du parte Arrazismoaren Kontrako 18. Martxan, Trintxerpetik Donostiara. 63 kolektibok babestuta, “etxekoak guztiok gara” izan dute lelo nagusia, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritarrik ez dagoela gogoratu asmoz.
Bilbon berriz, hogei bat elkarte sozial eta ehunka lagun atera dira kalera, besteak beste poliziak egiten dituen identifikatze arrazistak eta Atzerritartasun Legea salatzeko.
Politikarien diskurtso arrazistari tinko erantzun diote Gasteizen
Javier Maroto Gasteizko alkateak esan zuenetik etorkinak, bereziki aljeriar eta magrebtarrak, gizarte laguntzetatik bizitzera datozela eta gurutzada horri eutsi dionetik, giroa bero dago Arabako hiriburuan.
Joan den azaroan, aniztasunaren aldeko Gora Gasteiz plataforma jaio zen eta hark deituta hamaika kultur taldek antolaturiko festa egin dute asteburuan, musika, dantza, antzerkia eta pintura tarteko. “Herritarren artean hainbatek ireki nahi duen arrakala” kritikatu dute, baita “zenbait ordezkari politiko azkenaldian zabaltzen ari diren diskurtso arrazista, xenofobo eta islamofoboa” ere.
Korrikan 5 kilometro egin dituzte Irunen arrazakeriaren kontrako elkarteek (Arg: SOS Arrazakeria).
Trintxerpetik Donostiarako Martxa (Arg: SOS Arrazakeria).
Iruñean (Arg: Europa Press).
Bilbon (Arg: Europa Press).
Gasteizen protesta. Hurrengo argazkietan, ekitaldietako batzuk (Arg: Gora Gasteiz).