argia.eus
INPRIMATU
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak mahai intersektorial bat sortzea exijitu die euskal gobernuei
  • Herri Akordio bat osatu dute prozesu honetan batu diren mugimendu feminista, eragile sozial eta sindikatuetako kideek. Greba Feminista Orokorra “mugarritzat” jo dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 01

Zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak mahai intersektorial bat sortzea exijitu die euskal gobernuei abenduaren 1an grebaz egindako balorazioan. Urgentziazko egoeratzat hartu dute hau eta borondate politikoa eskatu diete gobernuetan, udaletan, foru aldundietan eta ardurazko postu guztietan, zaintzaren gaiari aterabide bat emateko ardura politikoa har dezaten. Berretsi dute, zaintza lehen mailako arazo politikoa dela, eta “gure bizitzak, lurrak, komunitateak jokoan” daudela.

“Etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitarioa amesteko eta egikaritzeko unea” dela ziurtatu dute, baita “sistema publiko duina” aldarrikatzekoa ere; osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena. Plataformako kideen hitzetan, “guztiok zaintzarako eskubidea izatea behar dugu: pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak, lurrak…”.

Bestalde, azpimarratu dute Espainiako Atzerritartasun Legeak eta horri lotutako “arrazakeria instituzionalak, politikoak eta sozialak” ez dietela emakume migratzaileei bestelako bizi aukerarik eskaintzen.