argia.eus
INPRIMATU
Denok kantatzera

Josu Del Molino Blanco 2023ko otsailaren 04a

251. urteko otsailaren 5ean gizon batek, Siziliako gobernadoreak, Agate hiltzea agindu zuen. Zergatik? Gobernadorea neska eder harekin maitemindu zelako, eta neska, ordea, ez. Egunero egunkaria irakurtzen badugu, edo irratia entzuten badugu, konturatuko gara gauzak ez direla aldatu.

Agateren kasuan bezala, gaur egun ere, zerrenda ez da amaitzen; seguru asko, torturatzaile eta hiltzaileak ez dira Siziliako gobernadoreak izan, baina beren etxeko gobernadoreak –edo hori pentsatzen dute eurek–, ostera, bai.

Batzuk saiatzen ari dira sinetsarazten atzerritarrek arazo hauek ekarri dizkigutela: gu ez omen gara horrelakoak. Gauza txarrak auzokidearen etxean gertatzen dira, gurean ez. Baina kalera, tabernetara, institutuetara joan besterik ez dago, eta ikusi ahalko dugu non dagoen arazoa benetan, nork daukan boterea, nor haserretzen den ez direnean gauzak egiten berak esan duen bezala.

Batzuk saiatzen ari dira sinetsarazten atzerritarrek arazo hauek ekarri dizkigutela: gu ez omen gara horrelakoak

Eta hori egitura-arazo bat da. Hezkuntza-sisteman zerbait huts egiten ari da, eta dudarik gabe, gure etxeetan ere bai, ez bakarrik auzokidearen etxean.

Hori gutxi izan ez, eta Agaterena bezalako kasu bat dagoenean gure garaian, justizia edo legeak ez dira gogorregiak izaten. Horrekin lortzen da, Siziliako gobernadorean kasuan bezala, zigorrik gabe geratzea erasotzailea. Gure justizia-sisteman biktimak frogatu behar du gertatu dena; eta berriro bizi behar du erasotzaileak egin zuena, gainera, epaile baten aurrean. Hori bizirik badago, eta ez bada –badu– hil Agateren moduan.

Beraz, galdera bat daukat: hainbeste aldatu dira gauzak 1.800 urte pasa eta gero? Zenbat Agate hil dira urte hauetan? Eta zenbat Agate hiltzen ari dira gure garaian arrazoi beragatik?

Beharbada erantzuna izan beharko litzateke egunero kalera irtetea eta koplak edo bertsoak kantatzea gizarte-arazo honekin amaitu arte. Nork daki?

Josu Del Molino Blanco