argia.eus
INPRIMATU
Sexu bortizkeriaren aurkako borrokalariak, Bakearen Nobel sariaren irabazle
  • 2018ko Bakearen Nobel sariak emakumeen kontrako sexu bortizkeria gerrako armatzat erabiltzearen kontrako borrokan nabarmendu diren bi pertsonalitate sariztatu ditu: Denis Mukwege ginekologo kongotarra eta Nadia Murad ekintzaile yezidia, Estatu Islamiarrak esklabu sexual erabilitakoa. Sariarekin Nobel sariak nabarmendu nahi izan du emakumeen bortxaketak mundu osoan XXI. mendeko gerretan erabiltzea.

    ,

ARGIA @argia 2018ko urriaren 09a

Denis Mukwege doktoreak (1955) “bere bizia ematen du Kongo eta Afrikako gerretan populazioak izutzeko bortxatu dituzten emakumeak defenditzen", argudiatu du Nobel sariaren epai-mahaiak. Panzi ospitalearen burua da, Bukavu hirian. 1999an irekitako ospitale honek urtero milaka emakume artatzen ditu, askok zirugia behar dutelarik jasan duten sexu bortizkeriaren kalteak arintzeko.

Nadia Murad (1995), Irakeko yezidi populazio minorizatuaren defendatzailea da. Estatu Islamiarreko gudariek 2014ean Mosulen harrapatuta haien esklabu eduki zuten, behin eta berriro bortxatuz. Hiru hilabeteren buruan ihes egitea lortuta, berak eta beste emakume askok jasandako desmasiak publikoki salatzeko adorea eduki zuen, Nobel sarien epai-mahaiak nabarmendu duenez. 3.000 neskato eta emakumek sufritu dituzte bortizkeriok, Estatu Islamiarrak bere estrategia militarraren osagaitzat yezidien kontra bezala beste populazio txikien kontra erabiliak.