argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako bederatzi sexu eraso ikertzen ari da Foruzaingoa, horietako hiru “intentsitate altukoak”
  • Sanferminetako lehen bi egunetan gutxienez bederatzi eraso sexista salatu dituzte, horietako hiru intentsitate handiko sexu erasoak, Mugimendu Feministak gaitzetsi duenez. Foruzaingoak erasoei lotutako gizonak atxilotu ditu, eta gertakariak ikertzen ari da. Erasoei erantzuteko milaka pertsona bildu dira igandean, Iruñeko Gaztelu plazan egin den elkarretaratzean.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 09a
Igandean egin zuten elkarretaratzea Iruñeko Gaztelu plazan.

Gutxienez bederatzi sexu eraso salatu dituzte Sanferminetan, eta horren aurrean Mugimendu Feministaren mezua argia izan da: “Gurekin jai duzue, erasotzaileak kanpora!”. Gizonengan jarri dute ardura eta fokua: “Arazoa ez dira instituzioak, mugimendu feminista eta are gutxiago erasoak jasaten dituzten emakumeak. Arazoa etengabe eraso egiten diguten gizonak dira”. Horregatik, erasotzaileak babestu eta emakumeak zalantzan jartzen dituen kultura baztertzera dei egin dute.

Emakumeek askatasunez bizitzeko eskubidea dutela nabarmendu dute. Gaineratu dute hori bermatzeko gizonek erasoen kontrako “jarrera aktiboa” izan behar dutela: “Erasotzeari uzteko esaten diegu gizonei. Zuengatik gaude hemen; etengabe erasotzen gaituzuelako”.

Emakumeen eskubideak bermatzera bidean, Gazteluko plazan puntu more bat dago urtero. Helburua da erasoen inguruko aholkuak eta informazioa ematea eta sentsibilizatzea. Horrez gain, erasoak salatzeko gunea ere bada. Gunea festetan zabalik dago, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara. Puntu moreaz gain, 660344692 telefonora ere deitu daiteke erasoak salatzeko.

Gizon bat atxilotu dute herriarteko autobus batean sexu eraso bat egitea egotzita

Iruñetik Burlatara zihoan billabesa autobus zerbitzuko ibilgailu batean izan da erasoa, astelehen gauean. Ukituak pairatzen ari zen emakumeak laguntza eskatu du oihuka, autobus gidaria erasoaz jabetu da, eta ibilgailua Erripagaina auzoan gelditu, ateak itxi, Foruzaingoari abisua eman eta zain geratu da foruzainek erasotzailea atxilotu duten arte.