argia.eus
INPRIMATU
“Denentzako elikadura osasungarria bermatu behar dute politika publikoek”
  • Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik bezperan aurkeztutako Euskal Herriko Deia agiria irakurri dute berriro, eta Europako La Via Campesinak biltzarrean egindako hausnarketa plazaratu du.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko uztailaren 23a
Davine Witbooi hegoafrikarra izan da Euskal Herriko Deia irakurri dutenetako bat (Arg.: Aritz Loiola)

Davine Witbooi hegoafrikarrak, Eberto Dias kolonbiarrak eta Rilma Román kubatarrak irakurri dute konferentziaren adierazpen ofiziala, eta ondoren EHNE Bizkaia sindikatuko Andoni Garciak hitz egin du Europako La Via Campesinaren izenean. Europar Batasunaren nekazaritza politika (NPB) kritikatu du Garciak: “Nekazarion produktuen salmenta prezioak amiltzea eragiten ari dira, Europa barruan eta kanpoan, munduko merkataritzan nagusi izateko gerran”.

Nekazariak “desagerpenerantz” daramatzan politikaren aurka

Eberto Dias (Kolonbia): "Lurra gaixotzen duen eredu kapitalistari aurre egiteko indartuta atera gara biltzar honetatik". (Arg.: Aritz Loiola)

Gaur egungo prezioek nekazari eta abeltzainen lanari baliorik eman ez diotela esan du Garciak, eta onartezintzat jo du hori. NPBren bitarteko diru-laguntza sistema tranpa dela ere adierazi du Karrantzako abeltzainak: “Nekazariok apurka desagertzea dakarte”.

Politika publikoek elikagaiekin espekulatzea eragotzi, merkatua erregulatu eta pertsona guztiek elikadura osasungarria eskuratzeko eskubidea bermatu beharko luketela adierazi du Garciak. Era berean, genero-diskriminazioa ezabatu eta gazteak nekazaritzan sartzea ahalbidetzeko eskatu du –“ez daitezela eslogan hutsa izan”–, sektorea gero eta zaharrago bilakatzen ari den eta gero eta langile gutxiago duen Europan: “Ezin dugu nekazari gehiagorik galdu”.

Ustiapenak esku gutxitan pilatzea eragozteko politiken alde egin du EHNE Bizkaiako kideak, eta nekazari txikien jarduna oztopatzen duten arau sanitarioak “errealitatera egokitzeko” eskatu du.

“Eskerrak, bereziki, Euskal Herriko baserritarrei”

"Derioko Biltzarrean 'nekazarien feminismoa' kontzeptua indartu da", esan digu Rilma Román kubatarrak. (Arg.: Aritz Loiola)

Garciaren ondoren, Alazne Intxauspek hartu du hitza EHNE Bizkaiaren izenean, astebetez Nazioarteko Konferentzia eta hari lotutako gainerako ekimenak ahalbidetu dituzten 300dik gora boluntarioen lana eskertzeko, eta biltzarra Euskal Herrian egin izana sindikatuarentzat oso mugarri garrantzitsua dela esanez.

“Gaur bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Herriko baserrietan haziak gordetzen ari diren amona, ama eta alabei; egunero itsasora ateratzen diren arrantzaleei; abeltzainei…”, gaineratu du Intxauspek, eta honako aldarriarekin amaitu du bere hitzaldia: “Mundu hobea merezi dugu eta lor dezakegula frogatu dugu”.

Astelehenean Bizkaiko hainbat ustiapenetara egingo diren bisitekin amaituko da La Via Campesinaren Nazioarteko Konferentziari lotutako egitaraua.

Ia 2.000 pertsona izan dira La Via Campesinak Bilbon egindako manifestazioan. Pankartan mugimenduko eskualde guztietako ordezkari bana izan da, EHNE Bizkaiako hainbat kiderekin batera. (Arg.: Aritz Loiola)