argia.eus
INPRIMATU
Denda txikiek ateak zabaldu dituzte Hego Euskal Herrian, zailtasun handiekin
  • Maiatzaren 4an zabaldu dira lehenengoz lehentasunezkotzat jo ez diren denda txikiak Hego Euskal Herrian. Espainiako Buletin Ofizialak argitaratu ditu bete beharko dituzten baldintzak, eta asko zailduko zaie haien lana eta gutxieneko salmentak bermatu ahal izatea. Hainbat neurri zorrotzagoak dira supermerkatuetakoak baino: adibidez, bezeroek ezin dute salgairik ukitu.

2020ko maiatzaren 04a
Tolosako arropa denda bat barrutik. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Maiatzaren 3ko Espainiako Buletin Ofizialak argitaratu ditu zein baldintza bete beharko dituzten. Hona hemen laburrean:

Beren aforoaren herena soilik erabili ahalko dute denda txikiek. Bezeroen artean bi metroko distantzia bermatu beharko dute eta hau egitea ezinezko duten dendetan, bezero bakarra egon ahalko da barruan. Dendak aireztatu egin beharko dira.

 

65 urtetik gorako bezeroek lehentasuna izango dute, hauek etxetik irteteko ezarria duten ordu horietan.

Bezeroei begira bete beharreko osasun baldintzak

Egunean bitan desinfektatu beharko dute denda, batez ere ateen heldulekuak, mostradoreak, mahaiak, lurra, pertxak eta gainerakoak. Langileen txanda aldaketa bakoitzero bere lanlekua desinfektatu beharko dute. Dendek txartelen bidez adierazi ahalko diete bezeroei garbitzen ari direla eta beraz, tarte batez itxita egongo dela.

 

Xehe azaltzen ditu nola garbitu beharko diren langileen arropak egunero.

Bezeroek ezingo dituzte dendetako komunak erabili, ezinbestekoa den kasuetan salbu. Bezeroren batek komuna erabiltzen badu, berehala desinfektatu beharko da komuna erabat. Bezeroen eskura gel hidroalkoholikoak jarriko dituzte.

Dendek argi seinaleztatu beharko dute bezeroen arteko bi metroko distantzia gorde beharra kartel, lurreko marka eta abarren bidez.

Langile bakoitzak bezero bakarra artatu ahal izango du txandaka.

Arropa salbu, ezin da produkturik ukitu

Bezeroek bere saskia betetzen duten dendetan, langile batek bete beharko du funtzio hori, bezeroek salgaiak ukitu ez ditzaten.

Arropa dendetan, bezero batek probalekua erabili orduko desinfektatu beharko da. Bezero baten prenda bat probatu eta erosten ez badu, dendaren jabeak "moduak jarri beharko ditu prenda hori garbitzeko beste bezeroen esku jarri aurretik".

Herrietako merkatuak egiteko aukera, baina askoz txikiagoa

Udalen konpetentzia dela aitortzen du Buletin Ofizial honek, eta dio udalek hala erabakitzen badute, egin ahalko direla aire librean egiten diren azokak, elikagaiez gain arropak eta gainerakoak saltzen dituztenak. Lehentasuna elikagaiak saltzen dituzten postuei eman behar zaiela dio, eta bermatu beharko dela erosleek ez dituzten ukituko. Udalek jarri beharko dituzte salmenta postuen arteko distantziei buruzko baldintzak. Ohiko postuen laurdena soilik jarri ahalko direla eta ohiko aforoaren herena erabili ahalko dela gehitzen du.