argia.eus
INPRIMATU
Denbora gure aiduru
  • Hamarkadak udaberria usaindu nahian atzeman gaitu, Koronabirusak etxean espetxeratu gaituenean. Noiz edo noiz goia eskuztatzeko beherantz egiten jakin behar da. Noizik behin gora egiteko apeta izan eta beheranzko bidea ekitea eginarazten digu maldak. Eta orduan amildu egiten gara. Egin gara. Ez da karrikak itsumustuan ipinitako harri bat izan, ez da haize-zirimola baten bulkada izan; jausi egin gara, belaunburuetan sumina ebakiz. Karriketako sakonuneak behatz-puntekin oinkatzen ditugu eta amildu egiten gara, miseriekin zangartean, birus honekin zangotraban, alarma egoeran estropezuan, arnas sindrome akutu larri honek utzitako traban. Maskara jar dezakegu edo erori ez garela aditzera eman, gure gerizpea zoruan dabilela esan. Bueltatu gaitezke lehengo bidera, baina lorratza hor geratuko da; globalizazioak ekarritako eritasuna munduko txoko guztietan hedatu, ekonomiaren gainbehera eragin eta hemengo ospitaleek eriez gainezka egin baitute.

Sara Aranburu Lasa 2020ko apirilaren 12a

Sarbide bat irekitzea ez da samurra. Sarlekuaren bestaldean dagoenaren berri duenak bultzada bat egiten du. Atea irekitzea ezberdina da, ez da bulkada egitea bezain aise. Atea arian-arian irekitzen da, apurka. Pitinka-pitinka begiratu bat, esku bat, aire arinezko bultzaldi bat. Sarreraren gibelean zer dagoen ezagutzen ez duenak urratsak bi norakotan ematen ditu. Guk mugikortasunak ekarritako atea zabaldu genuen eta ez ginen ohartu Koronabirusa ate joka genuela.

Eta ezinezko nahiz sinesgaitza dirudien lipar honetan errealitateak tokia duela konturatu gara. Lantzean behin lotan oratzen gaitu ustekabeak, espero gabe iratzartzen den egunak. Kontzientziak edota hautemateak bekokia urratu du oharkabean eta gogoeta ebakiondoa bilakatu da.

Noizbehinka asteak astunak bilakatzen dira, pisutsuak. Eta etxeko aire mugidarik ezak, ordenagailuko begiraden orientazio eskasiak, eskuturreko erlojuaren aurrera igarotzeko premiak eta egunaren moteltasunak pisua hartzen dute. 

"Etxean egotearen alde onak badu bere karga, inguruan duguna balioestea hain zuzen ere"

Bizitza aldika ez da biguna. Bizitza batzuetan akigarria da. Zenbait garaitan guduak, gerraosteak, goseteak, izurriak nahiz lurrikarak bizi izan zituzten. Orain guri suertatu zaigu berrogeialdia bizitzea. Egoera hau arrotza egiten zaigu eta eskarmenturik ez dugu honetan eta horrek artegatasuna sortzen du. Laztasunak, beldurrak birritan bisitatu gaitu eta bi aldiz larrugorrian harrapatu gaitu. Ezinegon horrek uzkurdurak sortzen dizkigu eta buruhauste horiek ikara eta etsipena. Gurpil-zoro honetan sartu gara berrogeialdian. Hala ere, itxaropena eta jasankortasuna izan behar dugu.

Izan ere, zenbateko pisua du arazo batek irtenbidea baskulan jarriz gero? Zenbateko pisua du auzi bat argitzeak sorrarazten duen zorionak? Gaurko apustua nork bere ikuspegia pisatzea eta berrogeialdi honi baikortasunez zukua ateraz, harengandik irakaspenak erdiestea.

Etxean egotearen alde onak badu bere karga, inguruan duguna balioestea hain zuzen ere. Batzuetan, matrailekoa, belarrondokoa ondo datorkigu garrantzitsuenari garrantzia emateko. Bururik gabeko oilasko moduan ibiltzen ginen hara eta hona, hona eta hara. Baina, lantzean-lantzean itxarotea egokitzen zaigu. Lantzean behin geratzeko beharra dugu. Egoten jakin. Eta iguriki pasatzen ditugun uneak opari bilakatzen zaizkigu inoizka. Eta zain egoten garen tarte horretan, espero gabeko irakaspenak jasotzen ditugu.

Badirudi,  balioa duena gorde egiten genuela maiz. Ezkutatu, ostendu. Plazer txikiei nekez so egiten genien. Justu-justu. Ozta-ozta. Dirudienez, argitan eztanda egin zuten ekaitzek eta xehetasunei ihes egiten utzi genien. Ezinikusiarena egiten genuen. Norbaitekin patxadaz mintzatzearen balioaz itsu ginen edota inguruko plazerei ez genien arreta jartzen. Oinperatu egin genituen. Balioetsi beharrean erdeinatu, gutxietsi.

Garrantzia duten uneek, birritan, aintzat hartzeko egokiera ematen dute. Garrantzia duenak zain egoten daki. Balioa duena oin-puntetan, oharkabean hurbiltzen da. Garrantzia duenak irriñoak ebasten ditu.

Larrugorri. Gorri. Biluzik. Bil hutsik. Honela utzi gaitu berrogeialdiak. Egonezinak hutsik laga gaitu. Karrikak hutsik utzi ditu. Hutsik. Oin hutsik. Eta orain, plazer txikiek besarkadaz jantzi dituzte etxeak. Eta orain, atzealdeak ikusten duena begien aurrean ikusgai jarri nahi dugu. Eta orain, xehetasun horien hutsunea igartzen dugu. Eta orain, haiei tira egiten diegu. Eta orain, begien errezelak igotze hasi gara. Eta orain, haien beharrizana dugu. Eta orain, txikitasunaren garrantziaz ohartu gara. Garrantzitsuenari garrantzia ematen ikasi dugu; une goxo bakoitza aintzakotzat hartzen. Arrunta dena apartekoa ere badelako.

Beti esan izan dugu denborarik gabe gabiltzala, orain dugu denbora hori egin ez genituen horiek egiteko"

Arrunta dena gozamena da. Plazer txikia. Ttipitasuna gordeleku handia da. Usu horren bila gabiltza baina xumea da begiesteko. Ttipitasuna ez da tanto iluna, ez da gabeziaren lo-kuluxka. Bertan dugu txikitasuna. Hurbil. Gertu. Hemen. Eta horretan ari gara berrogeialdian, begiratzen ez genien ñabardura eta plazerei so egiten. Haiei kasu egiten. Haiekin gozatzen. Haiei esker bizirauten. Haiez oroitzen.

Kirola egitea gozamena dela jabetu gara. Mendi buelta, nekearen bozkario ordaina, behatoki bikaina. Itsasoaren ondoko ibilketa izan liteke horren parte nahiz arineketako saio bat edo bizikletan zenbait kilometro. Izan daiteke malkar aldapatsu bat eta izerdi-uharretan igarotako unea, biak nahaspilatsu. Biak ezinbesteko astean zehar ihartutakoak ekite batean blaitzeko.

Belardiak. Belardiak zapaltzea plazera dela nabaritu dugu udaberri honetan eta haien falta ere sumatu dugu. Azukrezko larreak dira belardiak. Oinei gozotasuna ematen dieten maindire txukun eta garbiak. Ukitzea milimetroka neurriak hartzen dituzten zizareak dira belardiak. Oinazpietan imurtxiak egiten dituzten hatz-muturrak.

Eta etxean, ordutegi bat jarri aurretik egunak oinkada eta erdika ibiltzen ziren. Ordutegia jarri dugunetik berrogeialdian, eguerdiak oin-puntetan igarotzen zaizkigu, eguzki izpi goxoek aurpegia urratzen diguten bitartean. Plazerak. Plazer txikiak. Txikiak bai baina eskasak ez.

Plazer horietan bizitza soziala dugu eta besteekin elkartzearen balioaz kontu egin dugu berrogeialdian. Haren falta izan dugu eta hura balioztatzen ikasi dugu. Begi gabe gabiltza pantailetan behaztopaka eta kontaktuaren izerdi tantak edateko gogoz gaude.

Kontaktuaren tripa-zorria hasi zaigu, jendearekin komunikatzekoa, elkarrekin barrez galtzak bustitzekoa. Begiraden tripa-zorria. Ukipenaren sabel uzkurra, heste zimurtuak. Gertukoekin elkartzeko hortz izerditzea. Parez pare izatearen beharra nahia eta gogoa. Bizitza sozialaren desioa, irrika nahiz gutizia. Tripa janariz asea eta aurrez aurrearen gosea. Tripa huts udaberriz, sabel bete hormaz. Tripa huts oinkadez, sabel bete paretez. Tripa huts besarkadez, sabel bete pantailez. Tripa-zorriak izan eta gogoari hazka egin. Irrikei igurtzi egin die zorriek udaberria ase dezaten. Jangura irrika sorburuak katez lotzen dituena da.

Begietara so egitearen esentziaz konturatu gara. Barre egiten hasi aurretiazko formal itxura gozoaren mamiaz. Fereka baten emozioaz. Besarkadaren altzoaren beroaldiaz. Besarkatu egiten duenak begiratuari punta ateratzen dio eta hartzen duenak moztu. Besarkatu egiten duenak besoak zabaltzen ditu eta hartzen duenak laburtu. Besarkatu egiten duena adi egoten da eta hartzen duena itxaroten. Besarkatu egiten duenak irria garesti izaten du eta jasotzen duenak musu-truk. Besarkada. Besoen hartzea. Maitasun eta estimua oparitzen den heldulekurik hurkoena. Konexioa oparitzen duen erregalua. Plazerak. Plazer txikiak. Txikiak bai, baina eskasak ez.

Plazer horietako bat nork bere buruarentzat denbora hartzea ere bada. Geldi egoten ikasi dugu egun hauetan. Erlojuak martxan egoteari utzi dio eta denbora orain bere orratzen esperoan dago. Osasungintzaren aiduru. Baliabide horien zain. Eta itxaroten pasatako bitarteak opari bilakatu zaizkigu etxekoentzat berrogeialdian.

Beti esan izan dugu denborarik gabe gabiltzala, orain dugu denbora hori egin ez genituen horiek egiteko. Segundo bakanean minutu bateko lasterraldiak egiten genituen eskuarki. Geldiaraztea ahaztu zitzaigun eta segundo erdizka bizi ginen. Eta orain, zokoratu genituen afizio eta zaletasunei tartea uzteko garaia da. Ezin dugu sofan kexuka egon berrogeialdian, etekina atera behar diogu denbora honi. Astiak hautsen baitan urkatuta izan ditugu eta une honetan hauts horri eragin behar diogu.

Legar ale bat jausi da itsasora. Denboraren itsasoan bosteko bat dago, duda-muda sortu zaigu eskua eutsi edo ez eutsi. Azkenean eskutik heldu diogu denborari. Erlojuaren barruan sartu gara eta behatu egin dugu. Eta presioak denboraren matrail gorriak maskaratzen dituela jabetu gara. Presak umezurtz utzi gaitu orain. Apika, etxean geure burua itotzen ari garenean, egiatan arnasa nola hartu behar dugun igarri dugu.

Zer da hilabete, une horietan gomuta eztien zukua trinkotu egiten bada? Zimurrak garaien argazkiak dira. Eta argazkietan oroitzapenak gure iraganaren ipuin bilakatzen dira. Ederra da argazkiei so egiteko astia hartzea.

Irakurpena ere atsegina da. Autorearen oihuekin geure isilaldiak gozatzen jakitea da. Liburu bat eskuztatzean, esku batekin topo egiten duzu. Liburu bat eskuztatzean, begiratze batek gozarazten zaitu. Plazerak. Plazer txikiak. Txikiak bai, baina eskasak ez.

Plazer horietako bat bizikidetza dugu. Familiarekin elkartzeko aitzakia. Etxekoei denbora eskaintzeko unea. Bizikide izaten ikasi dugu berrogeialdian, elkarrekin bizirauten. Elkarrekin, batera, batu egin gaitu. Elkarrekin ikusi ditugu filmak, elkarrekin egon gara D bitamina apur bat hartzen eguzkitan, elkarrekin egin ditugu otordu guztiak, elkarrekin kartetan jokatu dugu. Auzokideekin batera txalokatu dugu, elkarrekin abestu eta dantzatu ditugu balkoietan ezarritako bozgorailuko kantak. Plazerak. Plazer txikiak. Txikiak bai, baina eskasak ez.

"Bidean dauden oinatzak agertzen diren neurrian gu ere bidean goaz. Bidean aurrera egitea ez da pausoen joanean aitzina ibiltzea soilik"

Plazer horietako bat ingurukoen estimua eta maitetasuna eman nahiz jasotzea dela hauteman dugu. Denbora gehiegi eman dugu mutu eta gor. Memoriak ere badu mintzatzeko premia. Hitz gozoak ezin esan, ezin entzun egon gara. Eta tupustean, garrasi mutu batek isildu ditu adierazi gabekoak. Eta une garratz hauetan, batak besteari eskua eman ez ezik luzatu egin diogu. Eta lipar astun hauetan, elkarrekin gaudela adierazten diogu batak besteari.

Bidean dauden oinatzak agertzen diren neurrian gu ere bidean goaz. Bidean aurrera egitea ez da pausoen joanean aitzina ibiltzea soilik. Bidean aurrera egitea besteei haienganako estimua, maitetasuna, biguntasuna eta gozotasuna erakustea ere bada.  Ezohikoa egiten zaigu ingurukoei begikotasuna adieraztea. Bitxia, arrotza.

Ingurukoei sinpatia erakustea ez da kurtsia, hori da gizaki egiten gaituena. Familiako zein lagunen arteko erlazio sarean txirikorda harilkatzen ditu. Hunkitzen garenean afektua adierazten dugu, besarkadak eman nahi izaten ditugu eta lotsa hor nonbait desagertzen zaigu, gogozko besarkaden baitan. Plazerak. Plazer txikiak. Txikiak bai, baina eskasak ez.

Plazer horietako bat elkartasuna da. Batak besteari laguntzeko prest gaudela ohartu gara denboraldi honetan. Gizarte burukoi eta materialista zena; gupidatsu, bihozbera eta onbera bihurtu da. Egoera honek gizakiago egin gaitu; samurrago, errukitsuago. Lehentasunak argiago izaten lagundu digu berrogeialdiak.

Pareta bat iluna izan daiteke, bakartasunaren muga. Pareta enbarazu, banatzaile eta eragozpena izan daiteke. Baina paretak ere badu argirik, eragingarria bada, talde-lanaren parte bada. Oinazearen oinatzak karrika, bizileku eta sentimenak urratu ditu. Gure bostekoek besteren aldamenean bat egin behar dutela ikasi dugu. Denok hurbilean egoteko beharrizana dugula jabetu gara, etorkizuneko oroimenak hamarkada honetako pairamenaren oroipen desegokirik izan ez dezan.

"Eta zer esan ospitaleko langileez? Erantzukizunaren zama handia ospitaleko langileena da. Haiek egindako ahaleginagatik harro gaude. Gure jarraibidea dira. Eredua. Ikasbidea. Arrastoa"

Begiek eztanda egiten dutenean, aldi hartan abiatzen da elkarlana ibiltzen. Elkarri begiratuz, elkarri lagunduz,  elkarrenganako mirespenez, elkarrengana helduz. Eskerrak auzoko ekintzei. Parez pare elkarrekin bat egiten dugulako. Elkarri eleak hertsatzen dizkiogulako. Abesteko egokiera ematen digutelako, durundi berari bi ahots pintatzen dizkiogulako. Egunak alaitzen dituztelako.

Eta zer esan ospitaleko langileez? Erantzukizunaren zama handia ospitaleko langileena da. Haiek egindako ahaleginagatik harro gaude. Gure jarraibidea dira. Eredua. Ikasbidea. Arrastoa.

Eta karrika film honen azkeneko agerraldi erantzia dugu. Eta uneren batean, egoerari buru egingo diogu eta une hartan arnas pixka bat hartuko dugu.  Eta  orduan, berrogeialdian balioetsitako plazer txikiez oroitu gara. Eta aldi hartan, gozamenaren geltokietara iristeko askorik behar ez dela ikusiko dugu. Plazer txikiak. Zorrokada handi bateko atsegin uneak. Zorrokada batek zaku  ugari adierazten du. Zorro bat beti da kopuru handia, bakana denean ere bai; bereziki gozamenez hornituta dagoenean.

Denbora gure aiduru dagoenean, zorroa plazer txikiz betetzen dugu. Denbora aiduru dugunean, zorroan sartzen dira arratsaldeko zortzietako esku-zartak, ospitaleetako beharginen eginahal eta esfortzuak. Denbora aiduru dugunean, berrogeialdia baikortasunez eramaten hasten gara eta zorroan sartzen dira esperientzia honetatik  ikasitakoak. Denbora aiduru dugunean, xehetasunak zorroan sartzen dira eta haiei erreparatzen diegu, gure gozabide bihurtuz. Denbora aiduru dugunean, zorroan sartzen dira ingurukoak, haien begiradak, haiekin barrez itotako uneak eta haiekin kontaktua izateko nahia eta bizitza sozialaren balioaz konturatzen gara. Denbora aiduru dugunean, zorroan zaletasunei tokia egiten diegu eta guretzako denbora hartzen ikasten dugu. Denbora aiduru dugunean, zorroan sartzen da afektua eta sinpatia eta goxotasunaren garrantziaz ohartzen gara. Denbora aiduru dugunean, zorroan sartzen dira emandako nahiz emango ditugun besarkada, egin zein egingo ditugun dantzaldiak, entzun edo entzungo ditugun abestiak. Denbora aiduru dugunean, zorroan sartzen dira bizikidetza, batasuna eta elkartasuna eta batak besteari eskua luzatzeko beharrizanaz jabetzen gara. Eta zuk, zer gehitu nahi zenuke zorrora?