argia.eus
INPRIMATU
Denak Floridara begira geundela, ‘Irma’-k Kuba erruki barik jipoitu du
  • Karibeak ehun urteko urakan handiena nozitzen zuela, hedabide nagusiek inperio iparramerikarren agenda jarraituz Floridako albiste eta irudiz ito gaitu  europarrok, ekaitzaren kalterik handienak Kuban gertatzen ari ziren bitartean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko irailaren 11
Herritarrak Santa Claran 'Irma'k makurtutako mango-arbola zutitzeko ahaleginean. (Argazkia: Rafael Cardet/Cubadebate)

Astelehen goizean irakur daiteke batean eta bestean 'Irma'k espero baino gogorrako eraso duela Kuban, 'Irma'k Kuba sutsitu duela eta gisako kronika. Ekaitza gogorrenean zenean, larunbat goizean esterako, ez zen horrelakorik entzuten inongo telebistatan, albistea zen Florida ekaitza noiz iritsiko prestatzen ari zela... ahazturik 'Irma' bete-betean ari zela jotzen Kuba.

Zenbait hedabidetan bazirudien ekaitzak Antilla Txikietan hasi ostean Haiti-Dominikar Errepublikatik jauzi egin behar zuela... Miamira. Gainerakoan hondamendiaren jarraipen bizia egin duen The Guardian batean bertan Kubari Habanako berririk ez ikustea etsigarria zen. Googlen galdetzeak ez zuen asko konpontzen Kubaren gainean ezarritako isilaldia, egia izan behar du zenbait hedabideren erreferentziak zentsuratuta daudela de facto.

Beraz, informazio gose zenak bilatu egin behar izan du, ezagutzen dituen erreferentzietatik edo sare sozialetako aipamenetatik abiatuta: Cubadebate, Granma... Astelehen goiza da eta mundua jakiten hasi da Kuban ekaitzak kutzi duen txikizioa sekulakoa dela. Raul Castro lehendakariak plazaratu duen agiriak (Llamamiento a nuestro combativo pueblo) kataklismo baten ondorengo mintzaldi baten tonua darama. Denbora, diru eta indar asko beharko dituzte bakar-bakarrik gauzak lehengo neurriraino eramateko. Baina, denon zorionerako, Kuba ez da Florida.