‘Correscales’ prekarietatearen aurkako lasterketa heldu da Bartzelonara

Zuzeneko jarraipena
  • Ostegunean Bilbotik abiatu eta 800 kilometro egin ostean, Bartzelonara heldu da astelehen eguerdian. Langileen prekarietatea salatzeaz gain, ibilbide osoan borrokarako grina sustatu dute, antolatzaileek adierazi dutenez.

Elkarlanean egingo diogu jarraipena ARGIA, Ahotsa, Arainfo eta La Directa hedabide independenteok.

2016ko otsailaren 22an - 16:41
Gakoak
2016-02-18
2016-02-17
800 kilometroren ostean, musikaz eta aldarriz beteriko manifestazioa

19:00etatik jendetza bildu da Bartzelonako Gràcia auzoan #Correscales ekimena amaitzeko antolatu duten manifestazioan.

Kòdul ska-rock taldeak musika jarri du manifestazio hasieran.

Eta aldarrikapenak ez du etenik: Bankia eta Catalunya Caixaren egoitza biren aurrean gelditu da manifestazioa protesta egiteko.

ElNacional.cat hedabideak informatu duenez, Bartzelonako Diagonala blokeatzea lortu du manifestazioan bildutako jendetzak.

Bartzelonako metroko grebalariekin bat eginda

Manifestazio jendetsu eta zaratasua egin dute astelehen arratsaldean Bartzelonako metroko langileek. Ekimenarekin bat egin du Correscales Korrika Prekarioak. CGT sindikatuak martxa buruko irudi hauek sareratu ditu.

 

14:00etan bazkari herrikoia La Rimaia zentro okupatuan

La Rimaiako bazkariaren ostean, #MetroEnVaga (Metroa Greban) manifestazioa egingo dute.

 

Aitzol Ruiz: "Telefono mugikorren sektoreko multinazional hauek guztiak odola xurgatzen ari dira"

 

Korrika prekarioak bete du ibilbidea

Korrika prekarioak bete du jada 800 kilometroko ibilbidea. Duela minutu gutxi heldu da MWC Mugikorren Kongresuaren atarira.

 

Manifestazioa 19:00etan abiatuko da
Bartzelonara iristear

 

Martxoaren 20an, Aragoiko lurretan

Korrika prekarioak 250 kilometro egin zituen larunbatean Aragoin. Kronika, irudi eta bideoak jaso ditu Izquierda Diario agerkariak.

Iaioflautas kolektiboa ere prekarietatearen aurka korrika

Aragoiko herri ugaritatik pasa da gaurkoan Correscales: Artieda, Bailo, Ayerbe... Lerro hauek idazterako Huescara iristen izango da. La Directak informatzen duenez, adineko jende borrokalariak osatutako Iaioflatuas kolektiboak ere bat egin du martxarekin.

 

Correscales Aragoin: Esa urtegiaren kontra prostestatzeagatik auzipetutakoei elkartasuna

Larunbat goizean Aragoira iritsi da Correscales. Arainfo hedabideko lagunek kontatu dutenez, Esako urtegiaren aurkako protestengatik auzipetuta dauden zortzi lagunei elkartasuna adierazi diete bidean.

Basoetan lan egiten duten suhiltzaileen egoera prekarioa ere salatu dute.

 

Korrika prekarioa Iruñean: honela kontatu du Ahotsak

Ahotsa.info-k Correscales ekimenak Iruñetik pasatzean utzi zuena bildu du ondoko bideoan.

 

Heldu da Iruñera

Iruñean da prekarietatearen aurkako Correscales. Ahotsa.info bidez jarraipena.

 

 

Guardia Zibilak geratu du Iruñerrira sartzean

Correscales karabana geratu du Guardia zibilak Iruñerrira sartzear zirela. Denbora bat geratuta izan ostean eta baimenak eskatu ostean, aurrera egin du.

 

Lekunberritik Iruñera bidean

 

Solasaldia, omenaldia eta manifestazioa Donostian, arratsaldean

Donostiako Egia auzoan, Correscales joana den arren, prekarietateari buruzko solasaldia antolatu dute, Movistarreko langilea den Albert eta David Fernandezen artean.

Gai ugari jorratu dituzte: Correscalesen ideiara nola iritsi ziren, Movistar gisako multinazionaletan lan baldintzek azken hamarkadetan izan duten okertze nabarmena, sindikalismo ereduak, mugimendu sozialekin elkarlanean aritzeaz, langileen egoeraz eta beste. Ondorengo bideoan, Fernandezek galdetzen dio Bartzelonan astelehenean, Mobile World Congress ekimenarekin helduko direla, deialdiak eginak daudela eta ea zein asmo duten. Errebentatzea, erantzun du brometan. Ondorengo bideoan erantzun osoa, gaztelaniaz.

Ondoren, Movistarreko langileak agurtzeko ekitaldia egin dute.

Bad Sound Systemekin manifestazioa egin dute erdialdera.

Telefonicaren egoitzan txistualdia egin eta FNAC parean amaitu dute, dantzan eta jai giroan.

 

 

 

 

 

Andoaindik Adunara

Movistarrentzat lan egiten duen Xabier Uranga elkarrizketatu du Aiurrik, lekukoa zeramala.

 

Prekarietatearen aurkako martxa Tolosaldean
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Atzerapenaz sartu da Correscales Tolosaldera. Villabonara 12:30 aldean sartu da eta bertan hainbat herritarrek egin diote ongi etorria. Tolosaldeko Atarian informazio gehiago, eta Villabonako bideo hau:

 

Donostiako alkatearekin tira-bira

Bidebieta, Sagues, Zurriola eta boulebarda igaro ostean, Donostiako udaletxean harrera egin diote #correscales ekimenari. Korri prekarioan parte hartzen duten eragile batzuetako ordezkariek oso hitz zuzenak eskaini dizkiote Donostiako agintariei, eta bereziki Eneko Goia alkateari. Horren ostean "familia argazkia" egin dute udaletxe aurreran eta Egia auzora zuzendu dute korrikaldia. Han bazkaldu eta David Fernandezek gidatutako hitzaldia entzuteko.

 

 

Donostiara bidean, Pasai Antxoko herritarren berotasuna

Donostiarantz doa Correscales. Bidean zenbait herritarren babesa jaso du; Pasai Antxoko herritarrek txaloka hartu dute lasterketa.

 

Oreretan alkateak harrera egin dio Correscalesi

Iritsi da Oreretara Correscales. Harrera beroa egin diote herritarrek, pankarta eta aldarri artean. Herriko alkate Julen Mendoza ere bertan da.

 

Oreretara bidean, aldapa ikaragarriei aurre egiten

Hernani eta Astigarragan izan ostean, Oreretara bidean doa Correscalesen lekukoa.

 

Hernanin etxebizitza eskubidea eta AHT gelditzea aldarri

Hernanira iritsi da Correscales. Herritarrek musika eta aldarrikapen artean jaso dute ekimena. "Ez, ez, ez, AHTrik ez" eta "etxebizitza eskubidea da" oihuak entzun dira. Zenbait herri mugimenduk, alkateak ... harrera egin diote lasterketari.

Correscalesek Hernanin eginiko bisitaren argazkiak jaso ditu Urumeako Kronika webguneak:

 

Movistarreko langileak lekukoa eramaten

Correscales ekimenak aurrera darrai. Movistar-eko langileen txanda da. Multinazionaleko azpikontrata batek darama lekukoa; eguzkia irtetearekin batera, Usurbilera iristen ari da egitasmoa. Bertan izan dira herriko alkate Xabier Arregi, eta Alaitz Azpurua eta Jone Urdanpilleta zinegotziak.

 

Herri ugari bisitatu ditu gauean zehar

Gauean zehar herri ugari bisitatu ditu Correscales ekimenaren lekukoak, zenbait gorabehera izan dituen arren. Ertzaintzak lasterketa geldiarazi du Zarautzen, baimenak eskatzeko. Geldituta egon ostean, berriz ere abiatu da, Gipuzkoako txokoetan barrena. Gauean Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio bisitatu ditu tartean.

 

 

Prekarietatearen aurkako aldarrikapenak kalean

Correscales ekimenaren baitan, langileen prekarietatearen sinbolo gisa ulertzen dituzten multinazionaletan aldarrikapenak jarri dituzte Kataluniako hainbat herri eta hiritan. Movistar-eko langileek abiatutako greba oinarri duenez martxak, telefonia konpainia honen dendak dira kartel eta pintaketa ugariren helburu.

 

Lehen gaua errepidean eguraldiari aurre eginez

Lekukoa Bilbotik irten da eta ondorengo herrietatik igaroko da Eibarretik Gipuzkoan sartzeko: Basauri (21:00), Durango (23:45), Zaldibar (01:00).

Gipuzkoan ondorengo herrietatik igaroko da gauean: Eibar (02:30), Elgoibar (03:15), Zumaia (06:00), Zarautz (7:20), Usurbil (09:00).

 

Irteerako bideoa 'Berria'ren eskutik

Irteera ekitaldia eta lehen metroetako irudiekin bideo polita egin dute Berria.eus-en. Hemen irteera ekitaldia jasoz albistea.

 

Basaurira heldu da

Errepide bazterretan jendea zai zutela hartu dute lekukoa Basaurin. Hainbat korrikalari batu dira prekarietatearen aurkako martxara.

 

Abian da 'Correscales'

 

Ehunka lagun hasiera ekitaldi hunkigarrian

Unai Brea ARGIAko kazetaria bertatik jarraipena egiten ari da. Datorren asteko astekarian erreportajea eta argazkiak 'Correscales' ekimenaz.

 

Ordutegia herriz herri

Bilbon hasiko da ostiralean 18:30ean eta Ledeatik irtengo da Aragoi aldera, larunbat goizaldeko 4:30ean.

 

Prekarietatearen aurkako babes ekonomikoa

Korrikaldiarekin batera, erresistentzia kutxa bat antolatzeari ekin diote. Sarean Goteo gunean irekitako proiektuak 120.000€ bildu ditu crowdfunding bidez. Movistarreko langileek abiatutako ekimena, aurrera begira, antzeko egoeretan egon litezkeen sektoreei laguntzeko baliatu nahi dute.

"Movistar-Teléfonicarentzat lan egiten dugun teknikariok, azpikontratatu eta autonomook egun pairatzen dugun prekarietate egoeraren aurrean indarrez nahi diogu berrekin gure jarduerari. Eta hori eginez, gainera, jasotako babesa, ikasitakoa eta laguntza itzuli eta eskertu nahi dugu. Halaber, gure kasuan bezala, jende askori eragiten dion prekarietatearen fenomenoak salatu nahi ditugu, eta arazoari elkarrekin ekin ahal diogula uste dugu, elkar laguntzeko espazio, borroka eta proiektuak sortuz".

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika prekarioa
2016-02-25 | Unai Brea
Correscales
Elkartasunaren eskaileran koska bat gora

Otsailaren 22an iritsi da helmugara Correscales, Bilbo eta Bartzelona lotu dituen prekarietatearen aurkako lasterketa. Movistarreko azpikontratatuen borroka zehatz batetik abiatu zen mugimendua, urtebete geroago arazo sozial larri bat ikusarazi eta salatu nahi duen ekimen plural... [+]


2016-02-25 | Dani Blanco
Prekarioen abordatzea

'Correscales’ korrika herrikoiak prekaritatearen ertz guztiak salatu ditu Bilbotik Bartzelonara bidean. Otsailaren 19an Donostian izan zen eta udaletxean prestatutako harreran hitz gordinak eskaini zizkieten udal agintariei, eta bereziki Eneko Goia alkateari:... [+]


2016-02-18 | Unai Brea
Dena prest Correscales abiatzeko, Gasteizko atarikoa eta gero

Arratsaldeko 18:30ean emango zaio hasiera Correscales, prekarietatearen aurkako lasterketa solidarioari, Movistarrek Bilboko Buenos Aires kalean duen dendaren parean. Lasterketa bera 19:00etan hasiko da; herri mugimenduko elkarte ugarik erreleboka eramango dute lekukoa,... [+]


2016-02-17 | ARGIA
Korrika Prekarioaren jarraipena elkarlanean Ahotsa, Arainfo, La Directa eta ARGIAk

Prekaritatearen aurkako Correscales lasterketak Bilbo eta Bartzelona batuko ditu otsailaren 18tik 22ra bitartean. Movistar telefono konpainiako langileek abiatutako borrokari Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako dozenaka herri eragile batu zaizkio. Elkarlanean egingo dugu... [+]


2016-02-10 | Zebrabidea
Langile borroka bat azpikontratazioaren aurkako mugimendu bihurtzear

Prekaritatearen aurkako Correscales lasterketak Bilbo eta Bartzelona batuko ditu otsailaren 18tik 22ra bitartean. Movistar telefono konpainiako langileen iazko grebari lekukoa hartuta, erresistentzia kutxa bat eratzeko asmoa dute.


2016-01-27 | Jon Torner Zabala
Bilbotik Bartzelonara prekarietatearen aurka “korrika”

Marea Urdina mugimenduak, Movistar enpresako langileek osatua, prekarietatearen aurkako "errelebo-lasterketa" egingo du otsailean, Bilbo eta Bartzelona lotuko dituena: Correscales. Asteazkenean aurkeztu dute ekimena Bilbon.


Bilbotik Bartzelonara “Korrika” prekarietatearen aurka

Apirilean egindako 80 egun inguruko grebaren ostean, Movistar-eko langileek osatutako Marea Urdina elkarteak egitasmo berri bat atondu du: prekarietatearen aurkako Korrika moduko bat egitea, Bilbo eta Bartzelona lotuz. Guztira 674 kilometro etenik gabe egingo dituzte, otsailaren... [+]


Eguneraketa berriak daude