argia.eus
INPRIMATU
Dena prest “Naparraren” gorpuzkien bilaketa hasteko
  • Dena prest dago Mont de Marsan inguruak miatzeko Jose Miguel Etxeberria “Naparraren” gorpuzkien bila. Paueko jendarmeriaren desagerpenen unitatea arduratuko da bilaketaz Garak jakinarazi duenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 26a

Eneko Etxeberria “Naparraren” anaiak, Iñigo Iruin abokatuak eta Paco Etxeberria forentseak urriaren 1ean Donostian emaniko prentsaurrekoaren arabera gorpuzkiak harizti baten inguruan daude.

Espainiako Auzitegi Nazionalak erreguzko mandatua bidali ostean kasua Mont de Marsango Solenne Motyl epailearen esku geratu da. Motylek aurreratu du gorpua hobitik ateratzera igaro baino lehen lekuaren behaketa bat egin nahi duela. Erabakia hartu bitartean aurrerapausoak eman dira, bilaketa lanez Pauko jendarmeria arduratuko dela zehaztea besteak beste.

Auzitegi Nazionalak, familiaren eskakizunei men eginda, Paco Etxeberriak bilaketa lanetan parte hartzea baimendu du. Etxeberriak jada kasuko instruktore den Ismael Moreno epailearen aurrean txosten bat aurkeztua du.

Iruinen aurreikuspenen arabera, bilaketa lanak azaroan egin beharrekoak ziren, baina atzerapena konpetentzien inguruko eztabaida baten ondorio da. Epaimahaiak erabakia Mont de Marsan edo Parisko epaitegiaren menpe geratu behar zen erabaki behar izan zuen, eraso terrorista bat izanaren aztarnak aztertu ostean – bahiketa eta hilketa Batallon Vasco-Español talde terroristak aldarrikatu ondoren–.

Prozesuaren fase honen helburua hariztian dauden gorpuzkiak Jose Miguel Exeberriarenak direla egiaztatzea da. Hau frogatu ondoren heriotzaren arrazoiak egiaztatzeari ekingo zaio, igaro den denbora kontuan izanik oso zaila izango dela jakinik.

Etxeberriak 22 urte zituen ikusi zuten azken aldian. Honen ibilgailua Ziburun agertu zen arren, familiak ezin izan du 36 urtean gertakaria argitu. Familiako kideen eta ingurukoen presioak 2014an kasua Espainiako Estatuan ixtea galarazi zuen, NBEk nahitaezko desagerpen moduan katalogatu ostean.