argia.eus
INPRIMATU
Dena prest Correscales abiatzeko, Gasteizko atarikoa eta gero
  • Arratsaldeko 18:30ean emango zaio hasiera Correscales, prekarietatearen aurkako lasterketa solidarioari, Movistarrek Bilboko Buenos Aires kalean duen dendaren parean. Lasterketa bera 19:00etan hasiko da; herri mugimenduko elkarte ugarik erreleboka eramango dute lekukoa, Korrikaren gisa berean.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 18a
Lan baldintza prekarioak salatu zituzten Gasteizko Zara, Carrefour eta Movistarren, Correscalesen hasieraren bezperan.

Otsailaren 22ra bitartean, korrikalariek 800 kilometro egingo dituzte Bizkaiko hiriburua eta Bartzelona lotuz. Zehazki, bi hirietan Movistarrek dituen dendak lotuko dituzte, konpainia horretarako lanean zebiltzan azpikontratatutako langileek 2015ean egindako greba mugagabea baita ekimenaren sorburua. Correscales izena behargin horien lan tresna nagusiaren aipu modura aukeratu dute. Eskailera, alegia.

Hamaika eragilek egin zuten bat Movistarreko grebalarien borrokarekin, eta guztien ekimenez, elkarlanean jaio da Correscales. Antolatzaileen esanetan, azpikontratazio politikek sortzen duten zatiketa eta prekarietate egoerei aurre egiteko ekimena da batez ere.

Funts komuna prekarietateari aurre egiteko

Hala, funts komun bat sortu dute, crowfunding bidez elikatzen ari dena eta hainbat helburu dituena. Lehenbizi, 2015eko greba mugagabeari aurre egin ahal izateko Movistarreko langileentzat sortu zen erresistentzia kutxako dirua itzultzea. Ondoren, udaberrian estreinatuko den dokumental bat eta lasterketa bera finantzatzea. Eta hortik aurrera, etorkizunean abiatu litezkeen jite bereko borroketarako sostengu-funts bat eratzea.

Ekimenaren webgunean ikus daitekeenez, lehenbiziko helburuetarako behar zen kopurua, –94.000 euro inguru– aise gainditu da: 120.000 euro batu dituzte dagoeneko.

Correscalesek 80 errelebo izango ditu, eta herri mugimenduko beste horrenbeste taldek hartuko dute parte horietan. Euskal Herrian Bilbo, Donostia eta Iruñetik igaroko da, hortik Aragoira joan eta azkenik Katalunian sartuko da.

Gasteizen manifestazioa

Atzo manifestazioa egin zuten Gasteizen, lasterketatik kanpo baina haren atariko modura. Mobilizazioa Loma plazatik abiatu zen eta leku beran amaitu zen, Movistarren dendaren aurrean hain zuzen. Amaieran, deitzaileek prekarietatearen aurkako agiri bat irakurri zuten. Bidean beste bi lekutan gelditu ziren: Zara arropa markaren denda, eta Carrefour. Emakumeen lan baldintza eskasen aurkako mezua zabaldu zuten lehenbizikoan, eta gazteen prekarietatea izan zuten hizpide bigarrengoan.