argia.eus
INPRIMATU
Nabaridas
Dena ez delako mahastia Arabako Errioxan

Garazi Zabaleta 2021eko irailaren 09a
Foru Aldundiko basozainak harrituta hartu zuen lursail batean mahatsondoak kendu eta artea jartzeko eskaera: bizitza osoa mahatsondoetara pasatzeko aldaketak sinatzen pasatu duela, eta hauxe omen kontrako noranzkoan sinatzen duen lehena.

Ardoen lurraldea da Nabaridas ingurua (Araba), eta beraz, mahastiak dira nagusi hango paisaian. 2014an, ordea, bertako artadi basoa sustatzeko ideia bati bueltaka hasi ziren herritarrak. Galdera hauxe zen: zer egin basoa hedatzeko, babesteko eta bertako genetika mantentzeko? Udalarekin elkarlanean lursail-trukaketa proiektua martxan jartzea erabaki zuten orduan. “Herriko basoaren hegoaldean utzita zeuden lursailen jabeekin harremanetan jarri eta lur horiek beste batzuengatik trukatzeko proposamena egin zien Udalak”, azaldu du Aitor Senar Enekotegi Agenda 2030eko udal teknikariak. Bertako artadi babestuaren azalera handitzea da ekimenaren helburua.

Hamaika lursail pribatu baso publiko bihurtzeko bidean

Nabaridasen basoa zabaltzeko egitasmoa ez da ekimen bakan bat izan, dena den. 2014an jasangarritasuna saritzen duen Conama saria jaso zuen Udalak, herrian abian zituzten hainbat proiektugatik: zabortegi baten garbitzea eta inguruaren berreskurapena, basoa hazi-iturri izendatzea, herriko urmaelaren biodibertsitatea babesteko ekimenak… “Sari horietara hainbat ekimen aurkeztu genituen, eta hor hasi ginen gehiago lantzen lursailen trukaketaren ideia ere”, dio teknikariak.

Hurrengo bi urteetan, utzita zeuden lurjabeei eskutitzak bidali, lehenengo bilerak deitu eta trukaketak egiteko prozesua martxan jarri zuten. Tramite aldetik bere zailtasunak ditu horrelako proiektu batek, eta teknikariak onartzen duenez, luze joan da prozesua, baina emaitzak lortzen ari dira. “30 bat jaberi bidali genien proposamena, eta horietatik zazpi izan ziren interesa azaldu eta azkenean trukaketak gauzatzera animatu direnak”. Horietako batzuk lursail bat baino gehiago zituzten; guztira, 18.108,10 metro koadroko eta interes ekologikoko hamaika lursail pribatu pasatu dira Udalaren jabetzara. Aurten sinatu dira lehenengo trukaketak, eta udalerrian proiektua oso ongi jaso dela ikusita, bigarren trukaketa faseari ekiteko asmoa dute aurrera begira.

Artadia berreskuratzen

Trukatutako lursail gehienak utzita bazeuden ere, horietako batean mahastiak zeuden landatuta, eta aldaketa harrigarria izan da. “Kasu hori da agian esanguratsuena, oso arraroa baita eskualde honetan mahatsondoak kendu eta artea jartzea”, dio Senarrek. Foru Aldundiko basozainak ere harrituta hartu omen zuen eskaera: bizitza osoa mahatsondoetara pasatzeko aldaketak sinatzen pasatu duela, eta hauxe omen kontrako noranzkoan sinatzen duen lehena.

“Azkenean, karraska edo artadi hauek dira hasiera batean eskualde honetan zeuden baso mota. Gerora, gizakiaren eraginarekin, paisaia guztia eraldatu eta mahastiak dira orain gailentzen direnak”, dio teknikariak. Bada, ekimen honi esker, behintzat, leku gehixeago berreskuratuko du bertako artadiak.