argia.eus
INPRIMATU
Kultur gomendioak
Dena eta gehiago jan (edo hartu atseden)

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abuztuaren 01

Bilboko Guggenheim-ak ireki zuen aroan, hori da kulturaren rola: dena eta gehiago jan nahia. Txiki geratu zaigu guztia, eta bigarren Guggenheim-aren bila goaz. Orain, baina, makro-espazio kulturala esparru artistikoarekin lotu beharrean, ingurumenarekin lotuko dugu, modan dago-eta. “Gora ekologismoa eta begira zein ederra gure biodibertsitatea; etorri, etorri, guztiontzako lekua dago-eta”. Helburuak bera izaten jarraituko du, ez egin zalantzarik. Bilboko alkateak ondo baino hobeto esan zuen moduan: “Ahalik eta ekitaldi jendetsuenak ekarri nahi ditugu, Bilbok posizio bat izateko nazioartean, eta turismoa erakartzeko”. Gero eta gehiago, gero eta handiago, hobe. Garai hau zerbaitek definitzen badu, hori izango da...

Krakatekoak bistaratu dira, ordea. Errepara esparru musikalari: Jon Urzelaik bikain deslotu ditu hainbat korapilo Su festak (Euskal musika jaialdiak XXI. Mendean)  liburuan (Susa, 2022). Baita Nando Cruz kazetari espainiarrak ere Macrofestivales (Makro-festibalak) saiakeran (Planeta, 2022). Jaialdi potoloetan sarri eskaintzen diren lan-baldintza gero eta makurragoak jo-puntuan jartzeaz gain, behatu behar zaio musikari ematen zaion balio ez-artistikoari ere, eta nola bihurtzen den merkantzia hutsa. Zenbat eta kontzertu gehien eskaini, hobe –jakina, ordu erdiko emanaldiak guztiak–. Ez da berria: salmentarako produktua da jardun artistikoa, sistemaren salgai bat gehiago. Preziatua egun, bogan dagoena. Eta musikazaleentzat, goiztiarra da gainera. Has zaitezkete 2024ko uda planeatzen, dagoeneko hainbat makro-hitzorduetarako sarrerak hartu daitezke-eta.

Baina tamainak axola du. “Gero eta gutxiago, hobe”, akaso hori ere ez da premisa, baina izan daiteke bidea. Deshazi behar dugu aurrera egiteko, ezinbestean kulturan ere, merkantilizazio erabatekoarekin eta kulturaren eta artearen txikizioarekin amaitzeko. Edukiontzietan sarturik da kultura, dena ahalik eta gehien eta ahalik eta azkarrean, unean bertan, kontsumitzeko eran egon dadin. Beterik eta aldi berean hutsik dauden edukiontziez inguratu gara.

Kultura kontsumitu nahi duenari ez zaio askorik kostatuko, telesail bat ikustea ez baita inoiz hain erraza izan. Abuztuan atseden hartzeko aukera duenak, ordea, datozen orrietan aurkituko ditu arnas apur bat eman dakizkiokeen gomendioak, ARGIAko kide bakoitzak gustu propioz eskainiak.