Hauteskundeak pasa, emaitzak ikusi (buruz ikasi ere) eta, badirudi dena egina dagoela. Egia da asko aurreratu dugula eta panorama argiago dagoela. Eskuin muturrekoari, hau da, iraganari, dagoen beldurrak, eta beste eskuinek daramaten ibilbideak egoera argitu dute eta, orokorrean aztertuta, ezkerra garaile izan da.
Estatuan PPren beherakada nabarmena izan da, CSen igoera ere, baina ez beraiek espero zutena, eta VOXek ez du inolaz ere lortu inkesta askok aurreikusten zioten emaitza. Orokorrean, eskuinak atzera egin du. Aldiz, ezkerra aurrera doa, eta PSOE Unidas Podemosekin eta beste sostengu batzuekin Gobernua osatzeko moduan dago.
Hau esatea ez da ezer, ordea. Hau da gerta daitekeena, baina ez dakigu horrela gauzatuko den. Gaur bertan bakarkako Gobernua osatzeko asmoa azaldu du Gobernuko kide batek. Eta argi dago, jakin jakin, egia esan, datozen maiatzaren 26ko hauteskundeak atzean utzi arte ez dugula ezer jakingo, batez ere PSOEk ez duelako hori garbi azalduko beren interesak babesteko asmoz.
Fenomeno bitxia izan da hauteskunde orokor hauetan botoa mugitzea Espainia mailako alderdietatik Euskadi mailako alderdietara, boto hori finkatu daitekeelako era honetan, oso zaila izango baita beste mailako hauteskundeetan Estatu mailako alderdiei itzultzea
“Egizu. Haz que pase” PSOEren kanpaina leloak orain hartu beharko luke bere benetako zentzua; hemendik aurrera gauzatu behar da egin beharreko guztia. Eta hau, noski, ez da posible izango edonolako Gobernua osatuz gero edota edozein babes lortuz gero edota babesik gabe. Ez dakit nolako negoziazioak burutuko diren, baina ez da harritzekoa izango Unidas Podemosek Gobernu programa sendoa planteatzea eta Kataluniako alderdi independentistek, beharrezkoa baldin bada bere babesa, behintzat –ERCk batez ere– eskakizun serioak egitea. Eta EAJk ere erraza dauka bere planteamendua: azken legealdian bete gabe geratu ziren gaiak betetzea (transferentziak, hain zuzen ere), nahiz eta hau Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko lukeen.
Euskadiko Erkidegoan gauzak oraindik garbiago joan dira: Espainiako eskuinaren arrastorik ez da: PP desagertu da eta CS eta Vox agertu ere ez. Argi dago PPk galdutako botoak neurri handi batean EAJri joan direla, bertako “zentro eskuina” zabalduz. Bestalde, ezkerrean, emaitzak ezin adierazgarriagoak izan: PSE-EEk aurrera egin du, EH Bilduk bezala, eta Elkarrekin Podemosek atzera, berarengandik botoak beste bi indar horiei mugitu direlarik.
Fenomeno bitxia izan da hauteskunde orokor hauetan botoa mugitzea Espainia mailako alderdietatik Euskadi mailako alderdietara, boto hori finkatu daitekeelako era honetan, oso zaila izango baita beste mailako hauteskundeetan Estatu mailako alderdiei itzultzea. Bestalde, panorama berriak adierazten du guztiz posible izango litzatekeela, antzeko emaitzak gertatuz gero –azken legealdian ere posible zen bezala, baina askoz ere garbiago– Eusko Jaurlaritza ezkertiarra osatzea. Aurrerago ikusiko da PSE-EE horretarako prest dagoen, hau da, Elkarrekin Podemosekin eta EH Bildurekin Gobernua eratzera.