argia.eus
INPRIMATU
Dena bukatu omen denean, bukatu gabe geratzen dena
  • Arnagako adierazpenak ETAren desagerpenari eszenifikazioa emateaz gain, konpondu gabeko auziak ekarri ditu gogora nazioarteko figura esanguratsuen eskutik. Izango ote du eraginik Espainiako eta Frantziako Gobernuen espetxe politiketan?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko maiatzaren 04a
Jonathan Powell, Gerry Adams, Anaiz Funosas eta Bertie Ahern, Kanboko topaketan (argazkia: Bake Bidea).

Aietetik Arnagara zazpi urteko amaiera amaiezinaren basamortu bat dago eta hura zeharkatu nahian erre dira Euskal Herrian bake prozesu bat abian jartzeko egon zitezkeen esperantzetatik asko. Horregatik, sentsazioa arraroa da Kanboko ekitaldira iristean: zenbaiten ustez, esan beharreko guztia esana dago maiatzaren 4ko “Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa” hau iritsi denerako, ostegunean konfirmatu baita Genevako Henri Dunant zentroan ETAk existitzeari utzi diola. Aurretik irakurri dugu ETAren beste dokumentu bat ere, eragile eta erakunde ugariri bidalitako gutuna, epika handirik gabe idatzia eta, tartean, konstatazio hau daukana: “Tamalez, Aieteko Adierazpenak ez zuen bidea egiterik izan. Euskal herritarren gehiengoaren nahiarekin bat egin arren, Espainia eta Frantziako estatuek ezinezko bilakatu zuten hasiera-hasieratik”. Orain berriz, leiho bat ireki nahi da –irudi hori dauka logotipoan Kanboko ekitaldiak–, ETAren amaieraren ondoren jitoan gera daitezkeen auziak berriz agendan sartzeko: presoak, iheslariak, biktima guztien aitortza edo gatazkaren memoria inklusiboa, besteak beste. Dena esana omen dagoenean, esan gabe geratzen dena.

Jauregia, prentsa asko, ezkontza baterako jantzita datozen ordezkari politikoak eta gizarte-alorrekoak: eszenak Aieteko argazki beneragarriak dakartza gogora eta protagonistekin osatu da ispilua, hemen daudelako Bertie Ahern Irlandako gobernuburu ohia, Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministroaren kabinete buru izandakoa eta Gerry Adams, duela gutxi arte Sinn Fein alderdi irlandarreko buruzagia. Denak izan ziren parte aktibo Ipar Irlandako gatazkaren amaieran; eta Cuauhtémoc Cárdenasekin –Internazional Sozialistako ohorezko presidentea– eta Michel Camdessusekin batera –Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaile ohia– aurpegia jarri diote Arnagako adierazpenari, zeinak ETAren amaiera ospatzearekin batera, konpondu gabeko gai garrantzitsuak aipatzen dituen eta mezu argi samarra bidaltzen Espainiako Gobernuari: “Segurtasun zein kartzela neurriekin soilik erantzutea oso gutxitan da arrakastatsua”.

Oraindik egiteko dagoen lana azpimarratu dute Arnagan, baina ez dago argi Kanbon bildutako guztiek mezua berdin ulertu nahi izan duten. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, adibidez, ekitaldiaren osteko adierazpenetan ez ditu aipatu ere egin gatazkaren beste ondorioak eta ETAren amaierarengatik poza agertzera mugatu da. Ez dago argi jeltzaleek nazioarteko topaketako mezua lehenesten dutenik eta haien babesik gabe, nekez behartuko du inork Moncloa presoen dispertsioa buka dezan; gauzak horrela segitzekotan, gatazka honen amaiera pertsona batzuentzat asko luza daiteke: Espainiako Gobernuaren bozeramaile Iñigo Méndez de Vigok esan du ez dutela espetxe politika aldatuko, “emaitza positiboak” ikusita; eta Mariano Rajoyk Itun Antiterroristaren bilera deituko duela iragarri du. Bakea ala garaipena: argi dago batzuek zer aukeratu duten. Arnagatik ateratzean, sentsazio arraroa gainetik kendu ezinda, hainbat lagun aurkitu ditugu euskal presoak etxera ekartzeko eskatzen duten banderolekin.