argia.eus
INPRIMATU
“Dena blokeatzeko” deia, Frantziako Gobernuaren lan erreformari aurre egiteko
  • Lan erreformaren aurka mobilizatu dira Baionan asteartean, seigarren egunez. Ostegunean “dena blokeatzeko” deia egin dute. Goizeko 7:30ean elkartuko dira Baionako San Andres plazan.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 17a
Manifestazioa egin dute astearte eguerdian Baionan eta mila lagun inguru elkartu dira (Arg: Emilie Drouinaud).

Garraiolariak greba egiten ari dira eta bideak moztu dituzte astearte goizean. Frantziako Estatuko hainbat portu eta industria gunetako sarbideak ere oztopatu dituzte.

Manifestazioa egin dute astearte eguerdian Baionan eta mila lagun inguru elkartu dira. CGT eta FO sindikatu nagusietako kideak izan dira manifestazioaren hasieran. Ospitaleko langileek eta lan erreformaren kontrako kolektiboa osatzen duten hainbat eragilek –LAB, SUD Soldires, Aitzina, EH Bai eta Indar Beltza, besteak beste–  ere hartu dute parte. Baionako San Izpiritu zubiaren erdian pankarta handi bat zintzilikatu dute: “Dena blokeatu dezagun elkarrekin”.

Peio Dufau CGTko trenbideetako alorreko kideak adierazi duenez, SNCFko langileek grebari ekingo diote astearte arratsaldean, eta aire kontrolatzaileek ere geldialdiak iragarri dituzte. Asteazken goizean batzarra egingo dute Hendaiako tren geltokian eta manifestazioa egingo dute Intzura auzoko industria gunera, “hango langileek protestekin bat egin dezaten”.

Asteko mobilizaziorik handiena ostegunean izango da. “Dena blokeatzeko deia” egin du lan erreformaren aurkako kolektiboak. 7:30ean elkartuko dira Baionako San Andres plazan; hortik zehaztu ez duten leku batera joango dira, “ekonomia blokeatzea” helburu. 11:00etan manifestazioa egingo dute Baionako tren geltokitik.

Legeak aurrera egin du

Frantziako Gobernuko ezohiko ministroen kontseiluak baimena eman zuen maiatzaren 11n Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen lan-erreforma dekretuz onartzeko. Lan-erreforma dekretuz onartzea ahalbidetzeko erabakiak Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea ahalbidetu dio Manuel Valls lehen ministroari.

Erabaki horri erantzuteko, Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuen oposizioak maiatzaren 12an. Ez zuen aurrera egin, ordea; aldeko 246 bozka jaso zituen eta 288 bozka behar zituen.

Ondorioz, Frantziako Gobernuak indarrez onartu zuen erreforma; hau da, gainditu egin zuen Frantziako Asanblea Nazionaleko eztabaida eta Senatuan eztabaidatuko dute orain.

Kolektiboko kideek borrokan segitzeko deia egin dute “legea atzera botatzeko aukera oraindik badagoelako”.