Furgoneta zuriak, beltzak, gorriak eta urdinak; furgoneta txikiak, ertainak, eta oso handiak; toldodunak, westfaliadunak, edota 4x4-ak. Beste batzuek ere izan badute sukaldea, bizikleta-eramatekoak, komuna, dutxa eta eguzki-panela. “All in”. Ukaezina da azken urteetan bogan dagoen ibiligailua dela furgoneta, izan ere, gero eta jende gehiagok erosten du horrelakoa, baita bere burua hipotekatu ere luxuzko autoan bidaiatzearren. Guk geuk ere horrelako furgoneta bat ekarri genuen joan den udan, eta, apurka-apurka, beste euskaldun askok bezala emeki jantzi dugu gure etxebizitza berria; tira, oporraldiak igarotzeko bizilekua. Baliteke iazko konfinamendu bortitzak gure beroaldian - barkatu, erabakian - zer esan handia eduki izana. Halaber, balizko askatasun baten bila genbiltzanean...Hara! Furgoneta agertu, erosi, eta gure amets guztien iturri bihurtu genuen. Eta nik uste nuen geuri baino ez zitzaigula bururatu. Ikustekoa izan da zelan bete ditugun Euskal Herriko bide bazterrak furgoneta zein karabanaz aurtengo Aste Santuan. Gora gu eta gutarrak!
Goragoan esandakoen harira, joan den hilabetean lantokirantza nindoala, nire furgoneta liraina laneko aparkalekuan utzi eta geurean estiloko beste baten ondotik pasatu nintzen. Gurean aldean, furgoneta hori beste marka batekoa zen, alemaniarra, 1997. urtekoa edo, sasoi batean oso garestiak ziren horietarikoa. Zaharra bazen ere, “All in” zuen horietakoa zela iritzi nion; beste bat. Hala ere, begikortasuna piztu zuen nigan herdoilak jandako furgoneta zahar horrek. Horrelako batean, bere parean nengoela, berogailua piztuta zuela ohartu nintzen, usain berezia baitzerion ihes-hoditik. Gortinak itxita zeuzkan, baita kristalak arean lurrunduta ere. Disimuluz apur bat hurbildu nintzen, jakin-mina asetu nahian edo, eta halako batean barrutik telebista edo irrati hotsak antzeman nituen.
Oinez aurrera egin nuen arren, harrezkero neure pentsamendu edo burutazio jarioa geldiezina izan zen. Buruari milaka galdera egin nizkion goiz hartan. Nor egongo ote zen furgoneta barruan? Institutu ondoan egonda, agian azken kurtsoko gaztetxoren batek piper egiteko aukera aprobetxatu zuen, eta, gurasoei giltzak ostuta, bero-berotan egoteko aukerari ezin muzinik egin. Baliteke maitale bik, bertan zitatu eta, euren haragi-goseari askatasuna eskaini izana. Zoritxarrez, bat-batean ipar-haize kolpe batek neure pentsamenduetatik atera ninduen.
Orduantxe ulertu nuen errealitatea askoz prosaikoagoa edo sinpleagoa dela, eta goiz hartan, ozta-ozta hamar minutu lehenago, Euskadi Irratian etxegabetzeei eta pentsioei buruzko martxan zen eztabaida gogora ekarri nuen. Dagoeneko ziur nago etxegabetu batek, edota gutxieneko pentsiora heltzen ez den agure batek, horrelako furgoneta zahar eta herdoildu batean - edota ezta hori ere - bizitzeko aukera gehiago dituela buruan irudikatu nituen amoranteak edo ikasle petralak baino. Ordutik “All in” hitza tentuz erabiltzea erabaki dut.