argia.eus
INPRIMATU
Demokrazia linguistikoa eztulka
  • Pelikula txarra zen, inor ez zaizu puntu horretan kontra egiten hasiko dagoeneko. Dekoratua nabarmenegi zen kartoi-harrizkoa, ekoizleek ia denean atzaparra sartu zuten eta, ez da posible, zer da hori, pantailaren izkinan? O, bai: mikrofonoa plano barruan kolatu zaie. Gidoi manikeo, politikoki zuzen, errepikakor eta monotonoa ez aipatzearren. Aktoreek zeregin handirik ez dute oinarri horrekin, baina, dena esaten hasita, gehienek merituak egin dituzte anti-Oscar sari bat jasotzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko otsailaren 18a
Espainiako Trantsiziotik eratorritako sistema politikoa erortzen ari da, sortu duen imaginarioarekin batera. Aukera ona izan liteke bazterrean geratutako auziek gizartearen zentraltasuna berreskuratzeko. Probesten ari ote gara?

Ei, lasai, ez naiz euskal film bati buruz ari. Egiazki ez naiz euskal ezeri buruz ari –gaur txintxoa izateko eskatu didate–. Lehenbiziko paragrafoan deskribatutakoa askotan ikusi dugun pelikula da, ia ETBn Segoviako ihesa bezainbeste, eta titulua ere behin baino gehiagotan aldatu zaio: Demokrazia esan zioten, batzuek ez zuten gehiegi sinetsi, Ongizatea jarri zitzaion, baina artaziak etorri direnean beste izenburu bat proposatu du publikoak eta 1978ko Trantsiziotik eratorritako sistema politikoa izenburu kaustikoa geratu zaio. Nolanahi, azkenean badirudi esan daitekeela: puskaka erortzen ari da. Fronte kulturalean behintzat nabarmen ikusten da –ez da gutxi: beti pentsatu izan dut agintariei alde horretako defentsak erortzen zaizkienean, Troia has daitekeela dardarka–.

Donostiako Zinemaldiak, Espainiako Estatuko industriarentzat zer edo zer esan nahi duen festibalak, lehen lerroan jarri ditu zenbait ekoizpen iberiko aurten, erregimenaren zoko itsusietan orain arte ezagutzen ez genuen bezala atzamarra sartu dutenak: Lasa eta Zabalak dardarka jarri du pantaila, gutxiegitan kontatu den bahiketa, tortura eta hilketa erakutsiz; polizia baten iragan frankistako krimenak ikusi ditugu La isla míniman; xantaia, Espainiako Konstituzioa eta billetez beteriko gutunazalak Urrezko Maskorra irabazi duen Magical girlen; edo ikusleek arduradun politiko-ekonomikoen kontra sentitzen duten gorrotoa abiapuntu komun gisa erabiltzen du Murieron por encima de sus posibilidadesek.

Festa hasi besterik ez da egin: ba omen dabil gizon gazte bat tertuliatik tertuliara zaldi gainean trostan, mototsa haizeak orrazten diola, aldaketaren peredikuak egiten. Arrakasta nabarmena lortzen ari dela diote nire termometro sozialek –gasolindegiko kafetegiko barran ebakia ttottarekin hartzen duten langile azpi-azpi-kontratatuei entzutea baino inkesta fidagarriagorik gutxi–.

Ez aurrera eta ez atzera zegoen sistema-eragilea reseteatzea aukera ona izan daiteke indar-korrelazioak aldatzeko eta diskurtso nagusitik kanpo zeuden gaiek bestelako protagonismoa hartzeko. Momentua probesten jakin behar. Eta momentua orain da. Gaur bihar baino hobe. Atzo gaur baino hobe. Euskaraz bizi nahi dugunok ari ote gara aukera baliatzen?

Ezetz esango nuke. Eta hori ere ez dugu berri-berria.

Joxe Azurmendik Espainolak eta euskaldunaketik ohartarazten digu, kasik profetikoak dira beste reset momentu historiko batean idazten hasitako liburu horretako lerro batzuk: “Ez dut horretan luzatu nahi, baina ez nuke utzi nahi aipatu gabe ere: uhin berri hau, ideologiaren –eta borroka ideologikoaren– espresabide berri hau, erdaraz dator”.

Beste eskaera batzuk aldarri demokratizatzaile legitimo gisa hartzen hasiak diren bitartean –eta eskerrak– euskararen aldeko mezuek beti dute kutsu partikularregia, txokokoa eta, txarrera jarrita, inposatzailea zenbaiten begietan. Euskara ez al da denona? Ez al da eskaera demokratikoa? Ba badirudi ezetz, kapitulu berri honetan ere, Juan Luis Zabalak 31 Eskutik blogean garraztasunez erabili zituen hitzekin esplikatzeko, euskara “un puto engorro” dela, lan gogaikarri bat, kontu kakatsu bat.

Euskalduna haserretu duten zenbait albiste

“Un puto engorro”. Aurpegiaren ederra itsusten duen muki lehor bat: aurkeztu dute Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari orokor berria eta mundu guztiak sinetsi duenean hiriburu kulturalaren kontuekin lasaitasun pixka bat izango genuela, datu inportante bat hasi da zabaltzen sare sozialetan. Berasteguik ez daki euskaraz. Beste izendapen askok baino polemika handiagoa ekarri du, euskaltzaleek seguruenik espero zutelako Bilduren aldetik besteen kasuan ohiturazkoa dena baino arreta handixeagoa. Ba kasu honetan ez da egon. Berastegui euskaraz ikasten hasi da eta horrek erakusten du sentsibilitate bat; baina izendapena justifikatzeko erabili diren argudioen artean “kontsentsua” aipatzea kezkagarria da.

Kontsentsua hemen eta orain hizkuntza eskakizunak hain inportanteak ez direla onartzea da.

Polemika sortu du Donostia 2016ko zuzendari berriak euskaraz ez jakiteak. Baina polemika Donostian agintzen duen alderdi beretik sortu da. Hizkuntz eskakizunek ez al dute balio oposizioa egiteko? (Argazkia: Donostia Gaur)

Polemika Donostiako Udalean agintean den alderdiko kide batek piztu du publikoki. Partiduen artean erabakiarekin kritikoen Sortu agertu da, bere teilatuari harrika aritu behar izan badu ere. Gipuzkoako hiriburuko azken-azken-azken auzoko espaloi bateko obren atzerapena dela-eta Udal Gobernuari kontu eske joateko prest dauden EAJri, PSEri eta PPri euskarak ez die balio, ezta oposizioa egiteko ere.

Barka, bai. Izendapenaren soufflé polemikoa jaitsi den garaitsuan, medio nazionaletan oihartzun gutxiago izan duen beste albiste bat atera da Alderdi Ederreko kasino zaharretik: hiriko kale izendegia euskaratzeko proposamena bozkatzea eragozteko, plenoa utzi dutela oposizioko alderdiek. Arrazoiketa teknikoak irakurtzen dituzu notizian, baina mezu nagusia beste bat da.

Baietz, euskarak balio duela oposizioa egiteko, baldin eta euskararen normalizazioaren kontra aritzen bazara.

Azkenean Donostiak lortu du kale izendegi euskalduna aurrera ateratzea, PPk kontra bozkatuta bada ere. Eta barkatuko didazue A-8ko beste puntara seinalatzea, baina Easo Ederreko problematxoen aldean, hemerotekak Bilbon problematzarrak erakusten dizkit. Kapital handiko udaletxean minimoen dokumentu bat ibili dute eskutan 2014an, “Euskararen Bilbo” izenekoa eta hirian hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko 14 puntu jasotzen zituena. Gauza handirik ez, egia esan, kontsentsuak beti hitz egin behar du epel: lehentasunezko ildotzat jotzen zuen belaunaldi berriek euskaraz jakitea eta erabiltzea; euskara egunero ohiko hizkuntza den guneak zaintzea, indartzea eta hedatzea zuen xede; baita euskal hiztunen komunitatea trinkotzea ere, bai kalean, bai Interneten.

Esan du PPko Luis Hermosa zinegotziak ezetz, esan du 14 puntu horiek urardotzeko, esan du dokumentuak herritarrak banatzen dituela eta esan du “denentzako errespetua” zainduko duen zerbait ekartzeko, “hitz egiten dutenentzat eta hitz egiten ez dutenentzat”, bestela beraiek ez dutela alde bozkatuko. Eta hori esan duenez, dokumentua bidean geratu da.

“PP ez baldin badago prest onartzeko euskararen erabilera modu integratzailean sustatzea helburu duen proposamen hau, ez da beste biderik geratuko eta PPri arrazoia eman beharko zaio akordio proposamena erretiratuz, egingo ez duguna zera baita: haiei arrazoia eman eta euskara tresna bezala erabili desadostasunak sortzeko”, izan da Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gaztedia eta Kirol arloko zinegotziak aurrera ez jarraitzeko erabili duen arrazoibidea.

Herritarra izango da gai desadostasuna nork sortzen duen ulertzeko, hiru lagun alde eta bat kontra dauden egoeran, ezta? Ausardia falta: EAJ botoen %44rekin, 15 zinegotzirekin eta oposizioko bi alderdiren adostasunarekin horrelako zerbait bururaino eramateko prest ez baldin badago, noiz arte itxaron beharko dute Bilboko euskaldunek, eurek ere ordezkatzen dituzten politikariek euskararen azeleragailua pixka bat gehiago zapal dezaten?

Arestiren bizarra hiru bueltako bufanda bihurtu arte luzatzeraino.

83.000 euskaldun eta beste 82.000 elebidun hartzaile, “kontsentsu” politikoaren zain erdaraz hizketan? Urtea amaitzear iritsi da akordioa. Gutxienekoa, ia sinbolikoa dena lortzeko ere hainbeste jira-buelta.

Terror tour politiko-linguistikoan hiriburuz hiriburu jarrai dezakegu, baina abertzaleak nagusi diren ziutateetako panoramaren errepaso honekin irakurleak egingo zuen gutxi gorabeherako krokisa. “Beste nazionalistak” nagusi direnean praktikatzen den hizkuntz politikak ikuslearen sentsibilitatea mindu dezake, beraz, sumario txiki bat besterik ez dizuegu eskainiko katez aldatu aurretik:

Begira UMPko Guy Poulou auzapeza Ziburuko ikastolako haurrei argindarra eteten –horrelako jazarpenaren kontra manifestatu beharrak gure gurasoen batailatxoetako gaia zirudien–.

Begira PPko Iñaki Oyarzabal –bai, herritarren zergekin pagatutako telefonoagaz abuztuan 6.000 euroko faktura gizendu zuen bera– “euskaratik bizi diren txiringitoak” diruz laguntzea txarresten, euskaltegiak besteak beste.

Begira PSEko Idoia Mendia, gaur euskara “normalizatuta” dagoela esaten, “bestelako lehentasunak daudela”; eta bihar berriz, Euskararen Eguna tokatzen denez, justu kontrako kontuekin.

UPNk egiten duena, hori bai ez digutela emititzen utziko. Snuff movie bat da.

Eta udal kudeatzaileen kontua balitz edo nazionalismo frantses eta espainiarrena. Euskal Erdiko administrazio nagusian besterik balego. Baina EAEko aurrekontu publikoetatik euskara sustatzeko zenbat bideratzen den ikusiko bagenu, eta gazta moduko grafiko batean jarri, emaitzak Japoniako banderaren antza izango luke. Eusko Jaurlaritzak %1 baino gutxiago uzten du hizkuntza politikarako. Publizitate instituzionalaren %97 gaztelaniazko komunikabideetan jartzen du. Eta, Excel taularen kointzidentziak, iragarki horien truke pagatzen dena euskarazko hedabideok diru-laguntzetan jasotzen dugun diru kopurua bezainbestekoa da.

Berdinketa laguntzetan, baina ez plazan: guk ez daukagu merkatu gorrira aterata inolako abantailarik, publiko potentzial osoak badaki konpetentziaren hizkuntza. Aldiz, parte txiki batek baino ez darabil normaltasunez guk aukeratu duguna –“gure hizkuntza” idatzi behar nuen, horrelako sentimentalkeriak ditut batzuetan–. Gehitu horri instituzioen aldetik jasotzen dugun babesa, guretzat ezinbestekoa izanda ere, ez dela erdarazkoek jasotzen dutena baino handiagoa.

Gainontzekoa eguneroko higadurak egingo du.

Usurbilen ospatu genuen Argia Eguna irailean. Harpidedunen ekarpenei esker bizirauten du Argiak garai estu hauetan; eta hitzordu honek haiekin bestelako harremanak lantzen hasteko balio izan zigun.  (Argazkia: Dani Blanco)

Oso modu prekarioan bizirauten dugu. Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak bildutako datuek ez diote gezurrik, erdaraz ari den kazetariarekin konparatuz %55 gutxiago kobratzen du euskaraz ari denak. ARGIAn denon soldatak parekatuz –lehen ere ez ziren oso desberdinak– eta bi ordainketa kenduz egin diogu aurre azken urteotako estualdiari. Badakigu gure irakurle askoren egoera ez dela askoz hobea, azken urteetan aberatsen eta pobreen arteko tartea hazi egin da eta euskaldun irakurle potentzial gehien dauzkan talde demografikoa, jende gaztea, bereziki kaltetuta atera da gauzen ordena berriarekin.

Milaka lagunek urtero lortzen dute, halere, euren kontuak koadratzea beren harpidetza pagatu ahal izateko. Konpromiso hori izugarri eskertzen dugu, bestela ez baikenuen hau bera, artikulu hauxe idazteko aukerarik ere izango. Baina sarritan galdetzen diot nire buruari ea horrela jarraituko ote dugun beti. Edalontzia erdi betea ala erdi hutsa ote dagoen ika-mikan, mahaian jarri eta zortzi angelu diferentetatik begira, ondorio argirik atera gabe, edalontzia nola beteko dugun elkarrekin seriotasunez adosten hasi beharrean.

Ez dakit arduradun politikoek horretarako borondaterik ba ote duten. Agian bai. Agian nahiago dute gauzak dauden bezala segitzea. Dakidana da, herritarrek ere badituztela beren tresnak politika egiteko.

Sen arruntaren konkista

Aldarrikapen batzuk, populazioaren sen arruntaren parte bilakatzea lortzen dutenean, boterean dagoenaren kolore politikoa zeinahi dela ere ezinbesteko betebehartzat jotzen dira. Sen arrunt horri “hegemonia” esaten zaio. Alegia, gizarte batean “normala dena”, mundu guztiak eguneroko funtzionamenduan barneratuta daukana –komeni da kontzeptua argitzea, hegemonia ulertzeko modu sui generis samar bat hedatuta baitago zenbait euskaltzaleren artean–.

Bada, euskara eguneroko bizitzan ez da hegemonikoa izan azken urte luzetan Euskal Herrian, baina Frankismoaren amaieratik hona egon da halako minimoetako euskaltzaletasun bat pentsamendu nagusian txertatua, haurrak D ereduan matrikulatzeko bezainbeste, bi urtean behin Korrika babesteko bezainbeste, urtero behin, bitan, hirutan euskararen aldeko festaren batera joateko bezainbeste; ororen buru, normalizazio linguistikoaren aldeko erabaki politikoak babesteko bezainbeste –batez ere EAEn–.

Denok genekien horrekin ez zela nahikoa, baina inpresioa daukat hor ere terrenoa galtzen ari garela. Geroz eta vascoagoa da euskal herritar arrunta eta beraz, geroz eta erdaldunagoa. Gastronomiak, paisaiak eta estereotipo euskotarrei buruzko txisteek ia osorik betetzen duten espazio sinbolikoan zertan geratzen ari da euskara? Onenera eranskin polit bat duzu. Txarrenera horixe: “Un puto engorro”. Pixa egin ondoren trabatzen zaizun praketako kremailera.

Seinalatu ditzakezu erdaldun elebakarrak atzamarrarekin, begiratu diezaiekezu sorbalda gainetik zinemara zortzi abizenen zabor hori ikustera joan direlako, alferrik ariko zara, ondorioak besterik ez dira, kausei heldu behar zaie. Lehia ideologikoa behar dugu. Borroka politikoa. Eta aurrenekoarekin ez naiz ari eztabaida sakon eta sasi-intelektualoideez, ezta bigarrenarekin alderdi politikoek euskararen kontura izan ditzaketen aldian behingo bronkez ere. Ari naiz gaia gizarteratzeaz, euskararen sustapenari legitimitate berria, handiagoa emango dion zerbaitez.     

Akuilua falta zaigula dirudi. Eragileek ez dutela eragiten edo ez direla iristen behar duten lekura edo komunikazioarekin ez dutela asmatzen edo nik dakita zer. Kontua da 2007-2008 inguru horretatik bizitzen ari garen ziklo ekonomiko aldaketak gauza asko jarri dituela dagoeneko hankaz gora. Mugimendu berriak sortu dira lapurreta kolektiboari erantzun beharrez, klima soziala berotu egin da, tiraderan izan diren eztabaida askok berriz hartu dute lehen lerroa –abortatzeko eskubidearen alde ere atera gara kalera aurten; alafede, 2014a joan den mendeko 70eko urteen revival bat izan da–.

Eta non dago euskara? Esan nahi dut: testuinguru horretan, zer ari gara proposatzen euskalgintzatik aurrera begira? Zein da gure programa politikoa? Zein gure minimoak? Zer negoziatzeko prest gaude eta zer ez? Norekin egingo ditugu aliantza estrategikoak?

Abiadura izango da akaso, albisteak, iritziak, polemikak eta zalapartak tweet erritmoan mugitzen diren bitartean euskalgintzako zenbait agente txostenaren karrileko motelean ikusten ditut oraindik. Baina ez da hori bakarrik, ze, egia esan, denok gabiltza cyborg bihurturik azkenaldian, eskua non bukatzen den eta smartphonea non hasten den ez dakigula, eta halere gure mezu gehienek ez dute lortzen kristalezko sabaia zeharkatzea.

Ziburuko ikastolak kinka larrian pasa du 2014. urtea, Guy Poulou auzapezak hartutako neurrien erruz. Euskal Herri osoko euskaltzaleen babesa ere jaso du ordea. (Argazkia: Kazeta.eus)

Agian gure buruarentzat baino ez gara komunikatzen ari. Agian mezuak guri –girl eta boy scout euskaldun txintxooi– bakarrik gustatzeko moduan pentsatzen ditugu. Agian erdaldunentzat, autobusean, supermerkatuan, langabetuen ilaran topatzen dugun jende horrentzat zer edo zer esaten hasi beharko genuke berandu baino lehen. Ez digute hozka egingo. Are gehiago, horiek konbentzitu beharko ditugu, gehiengoa dira, gu baino zarata ozenagoa aterako dute politiken diseinuan, ez dira 0 bat –beti egin zait oso deigarria Txepetxen talde soziolinguistikoetan erdaldun elebakarrak izen horren pean sailkatzea–. Eta ez dakit zer izan behar den, ez dakit nola. Burutazio hauek, beste ezer baino gehiago, autokritika gisa ulertzea nahiko nuke.

Marko diskurtsiboarekin problema bat daukagula uste dut. Komunikazio teorian framing esaten zaion horrekin, zehazki. Oso ondo azaldu zuen auziaren iltzea Iñaki Martinez de Lunak Bat soziolinguistika aldizkariko 76. zenbakian argitaratutako Framing: komunikazio teorietatik euskararen beharrizanetara artikuluan eta irakurtzera animatzen zaituztet, jarraian egingo dudan azalpena murritz samar geratuko delako konparazioan.

Hizkuntza bat diskurtso bila

Pentsatzen dugun moduari eragiten dion joera kognitibo ugari dago. Gauza jakina da, adibidez, joera daukagula aurretik geneuzkan usteak babesten dituzten informazioak bilatzeko. Edo “tren-bagoi efektua” existitzen dela: besteek modu jakin batean pentsatu edo ekiten dutelako, guk ere gauza bera egiteko joera dugula.

Framingak berriz, zera deskribatzen du: gure erabakiak problema aurkezten den moduaren arabera hartzen ditugula.

Martinez de Lunak prozesu sozial konplexuen ondoren Euskal Herrian egun bi frame edo problema ikusteko modu dauzkagula esplikatzen du: batak euskararen aldeko interbentzioa eta diskriminazio positiboa aldarrikatzen du, euskararen aldeko neurri politikoak hartzea, alegia. Besteak berriz, premia hori onartuta ere, edozein diskriminazio mota arbuiagarritzat jotzen du.

“Horren ondorioz”, azaltzen digu Martinez de Lunak, “neurri horiek zalantzan jarri eta, erdaldunen hizkuntza-eskubideen bermea zalantzan egonez gero, batzuk ez dira onartzen”.

Framingarekin estu lotuta dauden beste bi kontzeptu –eta barka artikulua anglizismoz betetzea, azken biak eta gero dena euskaraz, I promise– agenda setting efektua eta priminga dira. Lehenbizikoak deskribatzen du hedabideek gai zehatz batzuk nabarmenago nola egiten dituzten, nola bihurtzen dituzten ikuslearentzat garrantzitsu. Bigarrenak berriz, gaia aurkezterakoan zer baloreri lotuta agertzen den aztertzen du.

Hitz egiten denean, nola hitz egiten da euskarari buruz “gureak” ez diren hedabideetan? Zer balorerekin lotuta agertzen da?

Modernitatea, inkonformismoa, gaztetasuna?

Ala moñoñokeria?

Sektarismoa izan liteke?

Abertzaleen kontu hori ote da?

Hizkera zail eta arrotza, apika?

Desolagarria izan liteke galderei erantzun ahal izateko beharko litzatekeen prentsa hustuketa egiten hastea, baina bataila ideologiko garrantzitsu baten abiapuntua ere bai: gustatzen ez zaizkizun mezuak aldatzen saiatzea. Euskararen aldeko aldarria termino demokratikoetan birplanteatzea, ez baitugu aukera berdintasuna besterik eskatzen: demokrazia linguistikoa da euskaraz bizi nahi dugunoi ukatzen zaiguna.

Abenduko lehen ARGIAn Kike Amonarrizi irakurri diogu “gutxiengo aktibo” batek ekarri gaituela gaur egungo egoeraraino. Iritzi berekoa naiz. Sekulakoa da egin den lana. Aurrera begira jarrita berriz, eta beharbada deformazio profesionala izango da baina, iruditzen zait nukleo saltsero horren parte batek bestelako lan batzuk utzita gerrilla kognitiboari ordu batzuk eskaini beharko lizkiokeela. Euskararen inguruan uste eta pertzepzio toxiko gehiegi ari da hazten eta horiek positibatzeko lan egin beharko da, hedabideek eta iritzi publikoaren sortzaileek euskaltzale koadrila bat badagoela nabaritu behar dute, ezin dela euskarari buruz edozer gauza esan kexaren bat jaso gabe.  

Eta gure hedabideetan? Euskarari buruzko zer imaginario ari gara sortzen eta erreproduzitzen? Onenean jarrita ere gauza ederra, bitxia, zaindu beharreko altxorra da herritar askorentzat –altxorrak, badakizu, lurpean gorde behar izaten dira, sakon ahal dela eta giltzarrapo pare batekin–.

Bestelako kontakizunak ere badaudela uste baduzu, ez hain buenistak, ñabardura gehiago dauzkatenak, kontakizun alternatiboak, ados nago; baina beharbada biok ez gara gehiegi ateratzen ghetto honetatik. 2014ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez sare sozialean ibili diren mezuak irakurtzea besterik ez daukazu “errelato amankomuna” –azkenean zerbaiterako balio du espresioak– nondik dabilen ikusteko.

Eztanda purpura bat bestearen atzetik, sentimentalkeria naïf ikaragarria, nobela arrosa bat 24 orduz, euskara.

Pasio handien istorioa da gure hizkuntzarena, hain handi eta puztu, ez daukala batere egiantzekotasunik: azkenean printzesak hanka egiten du Harley batean eta printzeak zurrutean itotzen ditu penak.

Maita dezagun gutxiago.

Euskara zaindu beharreko altxorra da jende askorentzat, baina ez egunero erabiltzeko tresna. Argazkiko paisaia linguistiko euskalduna, adibidez, Badubada erakusketan ikus daiteke, baina ez da batere erraza kalean aurkitzea. Euskararen aldeko mugimenduak badu zeregina aurrerantzean ere. (Argazkia: Badubada)

Kontua erabiltzea baita. Erabiltzea, ahalik eta erregistro eta kolore gehienekin. Ahalik eta iritzi zabaltasun handienarekin. Osasunean eta gaixotasunean. Umore onean eta haserrean. Txaloan eta kritikan. Baina azken hori ahoskatzean beti entzuten da eztulen bat. Inor harrituko ez duen datu kezkagarri bat irakurtzen duzu Elearazi blogean: Ibon Egañak euskarazko literatur kritikaren 30 urte errepasatuz Larrabetzun hitzaldia eman du. Kronika egin du Danele Sarriugartek eta, besteak beste, nabarmentzen du publikatzen diren kritiken ia %90 “positiboak edo oso positiboak” direla.

Serioak bagina, eta batzuetan bagara, onartuko genuke e-ra-bat ezinezkoa dela literatura batentzat obra onak edo oso onak publikatzea portzentaje horietan. Nazioarteko sona mereziko lukeen fenomeno baten aurrean geundeke.

Gertatzen dena da, oraindik gure idazleekin protekzionista izateko joera daukagula. Artikulu honetan aurretik deskribatutako egoera linguistikoak esplikatu dezake hori hein batean, justifikatzen ez duen arren. Eta ez du asko laguntzen, batere ez egiazki, zenbait idazleren kiroltasun faltak kritikaren edo espero zutena baino arreta txikiagoa –edo espero zutenaz bestelakoa– jaso izanaren aurrean. Eta idazle diogun lekuan jarri beste edozein diziplinatako artistak, berdin-berdin balio dezake-eta.

Prentsan lan egiten duenari galdera pizten zaio horrelakoetan, zein ote den bere funtzioa: gure kultur ekoizpenari buruzko kontakizun zintzoa egiten saiatu behar ote luke, zimur, ertz eta garau, batzuetan deserosoa izango den arren, eta emaitza “un puto engorro” dela entzuteko arriskua hartuz? Ala gauzak propio Photoshopeatu behar ditu, direnak baino politago ager daitezen?

Uste dut kazetaritzak, zerbait duina izango bada, lehenbiziko horren antza izan behar duela. Ondorengo orrialdeetan aurkituko duzun Euskal Kulturaren Urtekarian idatzi duten lagunek ere antzeko iritzia daukatela uste dut. Eta bestela, eztabaidatuko dugu. Euskara jatorrean.