argia.eus
INPRIMATU
Demokrazia komunalari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra egingo dute urrian Donostian eta Hernanin
  • Egungo demokrazia ereduak zalantzan jartzen dituzten esperientziak aztertuko dituzte jardunaldietan. Donostian eta Hernanin, 120 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte, modu presentzialean zein online. Jardunaldiak urriaren 13tik 16ra bitartean izango dira, eta izen ematea zabalik egongo da urriaren 8ra arte.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 23a

Demokrazia komunalari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra egingo da urriaren 13tik 16ra bitartean Donostian eta Hernanin. EHUko Bakea Duintasunarekin elkarteak eta Parte Hartuz Gizarte Zientzietako ikerketa-taldeak antolatutako jardunaldiak dira, eta “egungo demokrazia ereduak zalantzan jartzen eta eraldatzen dituzten ideia eta praktika kolektibo zehatzak jorratzeko” lekua izango dira.

Ostegun goizean aurkeztu dute behin behineko programa Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista espazioan. Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, eta esperientzia horietatik abiatuta aztertuko da demokrazia komunalaren kontzeptuek zein eragin duten askotariko errealitate kultural eta politikoetan.

Gizartea eraldatzeko komunitate-komunaletan diharduten eta herri-ikuspegitik lan egiten duten pertsona eta kolektiboen kasuak aztertuko dituzte, teoriatik zein praktikatik. Bost kontinenteetatik eta hainbat herrialdetatik etorritako hizlariak bilduko dira. Silvia Federicci, Raúl Zibechi, Amaia Perez Orozco eta Darío Azzellini dira horietako batzuk.

Guztira, 120 hitzarte baino gehiago eskainiko dituzte: komunikazioak egongo dira, ikerketak, herri dinamiken inguruko hainbat mahai tematiko eta herrialdeen ikerketa kasuei (Txile, Brasil, Italia, Euskal Herria…) buruzko hitzaldiak. Bestalde, otorduak ere eskainiko dira. Hernanin 100 pertsonentzako jantoki komunala egongo da, eta azken egunean, bazkari herrikoi batekin eta kontzertu batekin itxiko dute saioa.

Izen-ematea

Ekitaldi gehienak aurrez aurrekoak dira –250 lagunetik gorako aforoarekin–, baina pandemia egoera dela-eta, online jarraitzeko aukera ere egongo da. Izen ematea zabalik dago urriaren 8ra arte, ekitaldiaren webgunean.