Joseba Alvarez eta Eñaut Alvarez aita-semeei bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte geroago, urtarrilaren 29an epaiketa izango dute Donostiako epaitegian.
Zer gertatu zen 2023ko San Sebastian bezperan?
Eñaut Alvarez: Urtero bezala hainbat herritar joan ginen Plaza Berrira, euskal preso politikoak etxeratzeko pankarta jartzera. Plazan udaltzainek esan ziguten debekatuta zegoela pankartak jartzea. Pankarta jartzen saiatu ginenean gure aurka oldartu ziren, hori nahikoa ez, eta prozesu judizial bat ireki dute gu zigortzeko asmoz.
Poliziaren jarrera justifikatua izan zela uste duzue?
Joseba Alvarez: Poliziak idatzitako txosten juridikoan jasotzen dira gertakariak, eta atentatua egozten digute. Atentatua leporatzeko arrazoiari begiratuz gero, espediente judizialaren arabera, behatz bateko “azaleko urradura” egin izana leporatzen digute. Behatza ez dago okertuta, ez hautsita, udaltzainek ez dute kolperik salatzen. Txosten juridikoan urradura bat soilik dagoenean, atentatuaren akusazioa jartzeak adierazten du guk ez genuela biolentziarik erabili.
Pankartako sokarekin sokatira bat egon zelako ezarri dute hori, pankartaren soka plazatik zihoan alderik alde, gu alde batetik tiraka eta beraiek beste aldetik tiraka. Garbi gelditu da, hor egon zen eraso bakarra beraiek egindakoa izan zela, guk nahiko lan geneukan pankarta jartzearekin, ez genien eraso egin. Muntaia polizial bat antolatu dute, gertakari horrekin gu zigortzeko eta zirkuitotik kentzeko. Egia da ez geniela kasurik egin eta desobedientzia egin genuela, adierazpen askatasunarekin pankarta politiko bat jartzeko ez baita baimenik eskatu behar. Erresistentzia egin genuela onartzen dugu, baina atentatu bat egon zenik inondik ere ez.
E. Alvarez: Muntai polizial baten aurrean gauden froga da hori niretzat, eta ez da kasu isolatu bat. Behin eta berriz eduki ditu Udaltzaingoak horrelako jarrerak Donostian, momentu ezberdinetan eta askotariko pankarta eta eragileekin.
2023ko maiatzaren 18an jarri zuen Udaltzaingoak salaketa, espero zenuten?
E. Alvarez: Egun horretan bertan ez zuten inor identifikatu, ez zen atxiloturik egon. Besterik gabe, pankartaren soka moztu zuten eta guk alde egin genuen normaltasun osoz. Ikusten da intentzionalitate bat dagoela gerora prozesu bat martxan jartzearekin.
Denbora luzez dirau prozesu judizialak, nola bizi duzue?
E. Alvarez: Ez da ezer berria errepresioa gure etxean. Jende pila baten aldetik jaso ditugu babes eta elkartasun keinuak, eta hori garrantzitsua da horrelako prozesuetan bakarrik ez sentitzeko.
J. Alvarez: Donostian gertatzen dena da Gizabideari buruzko ordenantza dagoela. Ordenantza horren 42. artikuluan argi eta garbi idatzita dago Donostian propaganda politikoa jartzea debekatuta dagoela, baldin eta ez baduzu ordaintzen. Dirua izanez gero, Donostiako farola guztiak edo Kursaaleko fatxada erosi ditzakezu, eta propaganda politikoz bete. Baina, ez badaukazu dirurik, eta herri mugimendu guztiak bezala kartelak eta pankartak jartzen badituzu, ez. Beraz, badago ordenantza bat espresio politikoa debekatzen duena idatziz, eta gainera, zigortzea agintzen duena. Dinamika horiek guztiek herri mugimenduak itotzeko helburua dute. Donostian ehunka multa jarri dira oso gai ezberdinengatik, mugimendu sozial gehienek jaso ditugu. Guretzat eskandalu bat dena da multen fasetik hurrengo fasera pasatzea, delitu penalaren eta atentatuaren fasera pasatzea. Horren helburua garbia da, lan militante soziala eta politikoa ahalik eta gehien oztopatzea.
Urtarrilaren 17an elkarretaratzea deitu zenuten Bulebarrean, nola baloratzen duzue mobilizazio horren parte-hartzea eta eragina?
E. Alvarez: Oso pozik gaude mobilizazioarekin, batetik, jende pila bat etorri zelako eta bestetik, Bulebarra adierazpen askatasunaren aldeko pankartekin betetzea lortu genuelako. Hori da erantzunik duinena, beraien muga, oztopo eta errepresio kasuen gainetik antolatzen jarraituko dugula adieraztea, jarraituko dugula propaganda politikoa jartzen, eta bestelako Donostia baten aldeko borrokan.
J. Alvarez: Gainera, ezkerraren sektore eta dinamika sozial guztiak etorri ziren. Izaera ideologiko batekoak edo bestekoak izan, denok bat egin genuen adierazpen askatasunaren defentsan. Bateratze horrek Donostiako arku guztia hartu zuen. Pozteko moduko berria da.
E. Alvarez: Mobilizazio horrek erakutsi zuen denok sentitzen dugula kasu hau ez dela Joseba eta Eñauten aurkako zerbait, eta ez dela kasu isolatu bat. Denok pairatu dugu propaganda politikoa jartzeagatik errepresio, isun edo epaiketaren bat.
J. Alvarez: Gure kasuan gertatzen dena da 750 euroko isun administratibo batez gain, kartzela eskaera handia daukagula. Badirudi udalaren aldetik jarrera bat dagoela, baliteke beste kasu batzuetan gertatu den moduan isuna soilik ipintzea. Ez dakigu zer gertatuko den, baina udaletxearen eta fiskaltzaren intentzioa kartzela zigorra eskatzearena da. Horrek salto bat dakar.
"Guk ez dugu onartuko atentatu bat egon zela esan behar izatea".
Joseba Alvarez
Zer espero duzue datorren asteko epaiketari dagokionez?
E. Alvarez: Urtarrilaren 29koa aurretiko audientzia da, hau da, fiskaltza eta defentsa elkartzen dira aztertzeko akordiorako aukera dagoen, edo epaiketara goazen. Guk oso argi daukaguna da ez dugula edozer gauza onartuko.
J. Alvarez: Guk ez dugu onartuko atentatu bat egon zela esan behar izatea gertakari horregatik. Beraiek proposamen batekin etortzen badira, esanez zigorra jaitsiko dutela, baina atentatua izan dela onartu behar dugula, ez dugu onartuko. Ez gara dinamika horretan sartuko. Beraiek ere badakite astakeria bat dela pankarta bategatik eta horrelako liskar bategatik horrelako zigorra jartzea. Ez dakigu beraiek joko al duten zigorra jaistera ala ez, ikusiko dugu. Guri esaten badigute desobedientzia egin genuela onartu behar dugula, baiezkoa emango diegu, atentatua ez. Hori muntaiaren parte da. Ez badute hori kentzen, ez dago akordiorik eta epaiketa egongo da.
Urtarrialren 29an, epaiketaren orduan elkarretaratzera deitu da, zer mezu helarazi nahi duzue?
E. Alvarez: Adierazpen askatasunaren aldeko defentsa berretsiko dugu, ez delako gure aurkako prozesu judizial bat soilik, zentsura politikoaren aplikazio bat delako Donostian gertatzen dena, eta mezu horrekin joango gara epaitegira ere.
J. Alvarez: Zer pentsatua ematen du Donostiako Udalak idatziz adierazteak propaganda politikoa jartzea debekatua dagoela. Ezin daiteke debekatu ordenantza batean propaganda politikoa, gauzak beste modu batera egin behar dira. Are gutxiago, dirua ordainduz gero egin daitekeenean. Hemen demokrazia eta adierazpen askatasuna daude, baldin eta dirua badaukazu, aberrazio bat da. Udaletxeko alderdi politikoei zer pentsa eman beharko lieke, eta planteatu beharko lukete udal ordenantza hori egokitzea, edo aipamen politiko hori kentzea. Ikuspegi demokratikotik ere zentzugabekeria bat da.
Zergatik da garrantzitsua mobilizatzen jarraitzea?
E. Alvarez: Garai gogorrak etorriko dira eta adierazle guztiek hori frogatzen dute. Indar errepresiboak eta estatu aparatuak prestatzen ari dira horretarako. Guk ere ariketa bera egin behar dugu eta prestatu behar gara datorrena datorrela antolatzen jarraitzeko, militantzia politikoarekin jarraitzeko eta propaganda politikoa jartzen jarraitzeko. Borrokatu ezean, gauden egoera baino okerragoan bizitzen jarraituko dugulako.
J. Alvarez: Aldatu dena gauzak egiteko modua da, baina errepresioa eta ezkerraren kontrako jarrera eta ildo politikoa hor daude. Nik uste dut sistema aldatu dela, baina hasierakoa mantentzen dela: agintea, boterea eta dirua dutenek ezarri nahi duten jendarte eredua mantentzea, eta horren aldeko neurriak hartzea. Eguneroko borroka kalean dago, eta egungo politika instituzionalak hori alde batera uzten du. Badirudi politika instituzioetan aldatzen dela, eta ikusi besterik ez dago egunero bizi duguna zer den.
"Gurea ez delako Donostian bakarrik gertatzen den kasu isolatu bat".
Eñaut Alvarez
Adierazpen askatasunaren eta giza eskubideen alde zein da gizarteak eduki beharko lukeen erantzuna?
E. Alvarez: Eztabaida sakona da adierazpen askatasunaren ingurukoa, baina argi dagoena da onartezina dela aldarrikapen politiko ezkertiar eta iraultzaileak zentsuratzen diren bitartean bestelako aldarri batzuen aurrean ezikusiarena egitea.
J. Alvarez: Gainera, munduan dagoen testuingurua ere bide txarretik doa, eta horren froga dira Trumpen adierazpenak. Olatu hori Europan ere badago, eta Euskal Herrira ere iristen ari da. Horri aurre egiteko gizartea aktibatu behar da, eta gizarteak horretarako beldurra galdu behar du. Ez badugu ezer esaten, aurrera egingo dute, eta instituzioak ez dira hasiko sistemaren kontra jotzen.
E. Alvarez: Gure apustua eskubide sozial, politiko eta zibilen aldeko borroka indartzen jarraitzea da. Errepresio kasu guztiak salatu behar ditugu eta elkartasunez antolatzen diren ekimenetan parte hartu behar dugu. Gurea ez delako Donostian bakarrik gertatzen den kasu isolatu bat, eta errepresioaren aurrean borrokan jarraitzeko deia luzatzen dugu.