Geroz eta gehiago dira Europar Batasunak inposatzen dizkigun legeak eta erabakiak era ez demokratikoan. Erabakiak estatuetako gobernuek hartzen dituzte batzordean eta ministroen kontseiluan, europarrok bozkatu ez ditugun bi erakundeetan. Noski, estatuetan bozkatutako gobernuak dira, baina adibidez, gure gobernuek babestu ez duten neurri bat inposa diezagukete beste gobernu batzuk (guk bozkatzeko aukerarik izan ez ditugunak) horrela adostu dutelako gehiengoz. Horri Zientzia Politikoetan accountability (kontu emate) demokratiko eza deritzogu.
Agertoki horretan, Europako Legebiltzarrak aurrekontuak eta zenbait erabaki eta kargu berretsi behar ditu. Honen aurrean hauteskundeak partaidetza baxua izatea normala da, herritarrek badakite ezer gutxirako balio dutela. Herrialde batzuetan partaidetza derrigorrezkoa izango ez balitz eta beste batzuetan bestelako hauteskundeak egingo ez balira aldi berean, partaidetza baxuago litzateke. Horregatik, protesta botoak hartu du garrantzia Europar Batasunetik inposatzen diren politika publikoak salatzeko. Ezkerreko alderdi asko elitista bilakatu dira azken hamarkadetan eta ez dute asmatu nola aurre egin krisi neoliberalak sortutako shockari. Azken hau EBk aprobetxatu eta neurri neoliberal gehiago inposatu ditu. Diskurtso alternatibo bakarra nazionalismo populistek eman dute (horietako asko eskuin muturrekoak). Azkar jakin dute arazoa zentratzen, esparru estatala baldin bada azkeneko maila demokratikoa, honek soberania galtzen duen heinean kontrol demokratikoa galtzen ari gara.