argia.eus
INPRIMATU
Dementoreak eta boomerrak Atarrabian

IƱigo Satrustegi @InigoSa 2024ko martxoaren 15
Argazkia: IBAI SALAZAR

ZETAK

NOIZ: otsailaren 23an.

NON: Atarrabiako Totem aretoan.

-------------------------------------------------------

Pello Reparazek eta bere bandak show-a prestatuko zutenik ez genuen zalantzarik, kontua zen nolakoa. Aaztiyen tour-ari ekiteko lehen hiru kontzertuak Atarrabian –(sic.) Nafar lurretan, non bestela?–, eta horietatik bitan, sold out.

Zetak taldearen disko berria eta beste lau urteotan sorturiko abestiak jaso ditu ikuskizun berrian. Baina batez ere lan berriaren soinuak eta irudia nagusitu dira kontzertuan. Hasiera-hasieratik kanpai hotsen oihartzuna ageri da (hasieran ere protagonista da kanpaia eta susto txiki bat ere eraman genuen) eta ematen du edozein momentutan hasiko dela Neomakeko ahotsekin batera Ahaztuko badira kantuak… Baina ez. Berdin Deskontrola kantuarekin. Hasi bai, eta erdizka utzi, amaiera aldera berriz berreskuratzeko. Ez naiz bereziki pullout horien aldekoa.

Argiek ere badute beren funtzioa emanaldian. Kanta bat horiz, beste bat laranjaz, beste bat morez, den-denetan ere itzalak eta kontraargiak. Reparazen silueta dantzan ikus daiteke aldiro, orain androginoago, orain pauso maskulinoagoetan. Batzuetan kasik, argia zian-berdexka zenean, Slytherineko dementoreak gogora ekarri dizkigula ez dut ukatuko.  Asko pentsatu dut kontzertuak duen baliabide teknikoen beharrez eta ekoizpenaz. Eta egiaz, pentsatzen dut aurreko biretan ere erabilitako kubo-efektuko laserra ez dela merkea izango, eta jakina, amortizatu behar. Guapo dago efektua berez.

Arreta berezia eman digu Totemera bertaratu direnen adin tartea: gaztetxoenetatik boomerretara. Batez ere azken horiek. Arreta deitu, era berean, irudiak nola grabatzen dituzten ez hain gazte horiek: horizontalean. Modernoak bai, baina sareetara egokitu gabeak. Argipen bat honen harira: Instagrameko stories-etarako bertikalean grabatu eta ateratzen dira irudiak. Ez horregatik.

Sinbologiaz eta keinuz josiriko kontzeptua da Aaztiyen. Folklorearen dimentsio berri bat. Tradizioetatik edaten duena, eta tradizioak horixe bera dira: herri ohiturak. Eta herriak, hala esan badakioke, gaur egun, nahi ditu dantza eta teknoa. Eskutik jasota dakartza arbizuarrak. Gustuak gustu.

Zentralean ikusi nituen pandemia osteko lehendabiziko parranda horietako batean. Nago areto txikiagoa izanagatik ere, hobeto funtzionatu zuela. Edo espektatibak eta egoerak lagundu zutela, behintzat. Bueltaka hasiko dira orain nafarrak, areto, festa eta jaialdietan. Eta 2025eko urtarrilerako, sorpresa. Baina ez da kontzertu bat izango.