argia.eus
INPRIMATU
Demagogiari ezetz
  • Behin, badu jada builta bat, ahatzerik düt noiz ote xüxen, urteak hain zalhe beitoatza, Donapaleuko klinikan nor gure aldiaren haidürü ginaudelarik barber baten bortan, ene adintsüko jente batekin elerran nüan. Gaztaroan denbora batez Amerikako Estatü Batüetan egonik zen. Laster, ez dakit zer gisaz, etorkinen aipatzera jin ginen, eta haiez gaizki erraiten hasi zeitan.

Jean Louis Davant 2018ko ekainaren 18a

Nik ordüan: “Bena zü ere Ameriketan etorkin egon zinen?”. Hark berehala: “A bai, bena gü langitera joaiten ginen!”. “A, eta uste düzü hurak plazerez horra zaizküla?”. “Frantziako lege hon eta lagüngoez baliatzea dizüe gogoan, bereziki segürtantxa sozialaz eta zerbütxü püblikoez... Zoko güziak betatzen dititzüe, frantsesen leküa hartzen, bazterrak nahasten, gaizkiegileak beren üholdean gorderik ekarten ere nahi ala ez... Hots ez gütüzü haboro etxen, beren kültüran itoko gititzüe!”.

Solas horren lüzatzeak ez beitzeikün deüs ere honik ekarten ahal, hortan ützi günüan, eta beste gei baten aipatzera igaran ginen, beti barberaren bortan nor gure aldiaren haidürü. Prefosta jente hori ez zen beste güziak beno sordei / pisago, ez zen gaiztakeriaz ari, beste hanitxek ordükoz pentsatzen züena erran zeitan. Etorkinen beldür hori geroztik zinez azkartü da popülüan, üholde batek Europa güzia estaltzen balü bezala. Politikari elibat lotsa horren emendatzen ari dira, dela fede honez, dela bozketan goiti joaiteko xedez, bardin potereala heltzeko esperantxan. Ideia okerra omen da, ustekeria gezürtia: aditüen arabera, holako etorkinen burrustatik hürrün gaude, bereziki Frantziako Errepüblikaren eremüan, Afrikarik bereziki lan bila horra direnek beitakie nolako langabezia den erresuma hontan, eta gaineala arrotz praubeak ez direla honki jinak heben gainti, bereziki müsülman errelijioneko direlarik.

Ütsü izan behar düt segür ere, erdia phürü: etorkin bakoitx bat ez düt ikusten Maule-Lextarren, ez eta üngürüko beste hiri txipietan, Oloroe, Ortese, Donapaleu, Donibane-Garazi, Baigorri, Hazparnen... Zonbait izan ditake Pauen eta Baionan? Bena zonbat? Non ote da orotan aipü zaikün üholde lazgarri hura? Gaitz da zurrumurru gaizto bati hegalen moztea, bena horren haztetik bederen begira gitean, eta klarki erran dezagün holako üholderik ez dela, salbü politikari demagoga zonbaiten mihi püntan: holakoek ez düe gure botzik merexi.

Artikulu hau Laborari aldizkariak argitaratu du eta haien baimenarekin ekarri dugu ARGIAra.