Deliverook langabezia eta prekarietate egoera masiboa aprobetxatzen du “kolaboratzaileak” lortzeko, bertako langileen arabera. Kontratu irregularrak, autonomo faltsuak, soldata baxuak… lehen aldiz antolatu eta greba egin dute bizikleta gidariek Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian.
Ekonomia Kolaboratiboak hartu duen tamainaren ifrentzua dira honelako kasuak. Sosa batzuen truke egiten diren lan eta fabore txikien ordez, izugarrizko irabaziak sortzen dituen aktibitate ekonomikoak dituzten enpresak izatera heldu dira. AirBnB bada ere azken aldian sona gehien izaten ari den gisa honetako enpresa, Bla Bla Car edo Deliveroo ere ez dira gutxiagorako.
Deliverooren kasuan, langileei “riderrak” deitzen diete enpresan, hau da, gidariak, eta “kolaboratzaile kategoria” honek enpresarekin duten lan harremana ezkutatzen duela salatu dute. Hain zuzen, astean gutxienez hogei ordu barnebiltzen zituen kontratua bertan behera uztera doala esan duenean enpresak, langileak haserretu eta beraien artean antolatu dira, lehen aldiz.
Lehen aldia da ere, “ekonomia berria” delako honetan, egiten dela greba, eta ikusmina sortu du egoera prekarioa bizi duten sektoreen artean. Sare sozialetan erakutsi dute elkartasuna Las Kellys Hoteletako langileak, FrentePop musikari eta artisten sindikatuak, zamaketarien sindikatuak edo Bartzelonako metroan greban dauden langileek.
Hain zuzen aldarrikapenen artean, Ridersxderechos kolektiboa, langileen ordezkari gisa onar dezaten eskatu dute, sindikatuak iristen ez diren sektoreentzat eredu bihurtuz. Gutxienez 20 ordu astean, 8 euro orduan eta kanporatu dituzten langileak berrartzea dira grebaren eskariak.
“Ez badugu kobratuko, ez gara ibiliko” oihukatuz egin zuten manifestazioa bizikleta gainean.
#Ahora Riders distribuidos X barrios al grito d si no cobramos no rodamos #DeliverooExplota #HuelgaDeliveroo pic.twitter.com/VE8tc3MZQM
— #HuelgaDeliveroo (@ridersxderechos) 2017(e)ko uztailak 9