Heldu den iganderako, uztailak 2, Madril eta Bartzelonan banaketa bizikletaz eginten duten Deliveroo konpainiako mezulariek greba deia egin dute. Neoliberalek eufemismoz "ekonomia kolaboratiboa" deitzen dioten sistemako prekarioen mobilizazio deigarria izanen da.
Nagusiki ostatuetako janariak etxeetara banatzen daude berezituak Deliverooko mezulariak, nahiz eta beste edozein produktu ere garraiatzen duten. Ekonomiaren beste alorretan Airbnb eta abarrek modan jarri dituzten konpainien ildoan antolatua, Deliverook inolako kontraturik gabe erabiltzen ditu berak Internetez kontrolatutako zerbitzuak fisikoki bizikletaz banatzen dituzten mezulari teorian eta kontratuz autonomoak baina enpresak zorrotz lotuak. Greba deiarekin lortu dute txirrindulariok zabaltzea zein gogorrak diren beren lan baldintzak.
Gaur egun txirrindulari (ingelesez rider deitzen die konpainiak) bakoitzak lau euro kobratzen ditu banatzen duen pakete bakoitzeko, gehi tarifa txiki bat lan ordu bakoitzeko. Ez gaixotasunagatiko etenaldirik, ez langabezia eskubiderik, ez inolako eskubide sindikalik. Baldintza horietan konpainiak hiri bakoitzean nahi adina mezulari eduki ditzake merke lotuta. Glovo eta Stuart konpainietako banatzaileak ere biltzen dituen Riders X Derechos elkarteak antolatu ditu mobilizaziook.
Badira hilabete batzuk Europan eta AEBetan prekario berriok mobilizatzen ari direla. Horien artean ospetsu egin da Maggie Dewhurst Londresko mezularia, CitySprint konpainiari lan auzitegian epaiketa irabazi diona.
Deliveroo gurean uztailean hastekoa da lanean, Bilboko zuzendari posturako lan deiladi honek erakusten duenez. Guggenheim aurretik pasatzen argazkietan harturik, laster XXI. mendeko ekonomia berriaren irudia osatuko dute Deliverooko mezulariok, krisitzarraren osteko prekariotzaren ikur bizidunok.