argia.eus
INPRIMATU
Deliveroo-ko bi zuzendariri kartzela zigorra ezarri diote Frantzian autonomo faltsuak kontratatzeagatik
  • Banaketa enpresak 375.000 euro ordaindu beharko ditu, eta multinazionaleko bi zuzendari ohiri urtebeteko espetxe zigorra ezarri diete autonomo faltsuak kontratatzeagatik.

El Salto @ElSaltoDiario 2022ko apirilaren 21a
Argazkia: Deliveroo

Parisko auzitegi batek 375.000 euroko isuna ezarri dio Deliveroo Franceri, fiskaltzak eskatzen zuen zigorrik handiena, eta enpresako bi zuzendari ohiri hamabi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri die "ezkutuko lanagatik". Enpresako beste exekutibo bat erruduntzat jo dute "ezkutuko lanetan konplizea" izateagatik, eta lau hilabeteko espetxe-zigorra eta 10.000 euroko isuna ezarri dizkiote. Gainera, epaia Deliverooko egoitzetan hilabetez agerian jartzeko agindu du epaitegiak.

Epaitegiaren arabera, Deliverook banatzaileen lanak sistematikoki ezkutatu zituen, autonomo gisa aurkezteko, soldatapeko langile bezala aurkeztu beharrean, Espainiako Auzitegi Gorenak autonomo faltsuei buruz eman zuen epaiaren ildoari jarraikiz.

"Lan-erregulazioa instrumentalizatu eta erabilera txarra eman izanaren" arduraduna da Deliveroo, soldatapeko langileak izan behar zutenak autonomo gisa jarrita, banatzaile horien lana "sistemikoki ezkutatu du" enpresak, Céline Ducournau fiskalak adierazi duenez. Iruzur horren helburu bakarra banatzaileak "kostu txikiagoan" erabiltzea izan da, eta berdin dio horietako batzuk estatus horrekin "pozik" dauden ala "aske sentitzen" diren, azaldu du fiskalak Deliverooren argudioetako bati erreferentzia eginez, langileen ustezko "mikro-enpresari estatusa" justifikatzeko.

Kalte eta galerak eragiteagatik, Deliveroo enpresa 50.000 euro ordaintzera kondenatu dute, kalte moralengatik demanda zibila aurkeztu duten bost langile-sindikatuei (CGT, Union Solidaires, SUD-Commerces et services Ile-de-France eta Syndicat national des transports légers).