Espainiako Estatutik irten da Deliveroo, eta 3.800 langile inguru kaleratu ditu. Udan iragarri zuen estatutik irteteko asmoa, Espainiako Gobernuak Rider Legea ezarri zuenean. “Merkatuaren bideraezintasuna” argudiatu dute.
Britainia Handiko janari banaketa enpresa handia da Deliveroo, eta aurrerantzean ez dute Hego Euskal Herrian lan egingo. Enpresak udan iragarri zuenez, “merkatuaren bideraezintasuna” argudiatuta Espainiako Estatutik alde egitea erabaki du. Jakinarazi dute kaleratze kolektiboa egin dutela: 3.800 langile inguru kaleratu dituzte, haietatik 100 enpresaren egituran jarduten zutenak eta gainerako guztiak rider edo banatzaileak.
Ez da kasualitatea sei urteren ostean orain Espainiako Estatutik joatea, izan ere, Espainiako Gobernuak abuztuan Rider Legea ezarri zuen. Lege horrek derrigortu egiten ditu banaketa enpresak banatzaile gisa dituzten “autonomo faltsuak” kontratatzera; horrela, riderrek ostalaritzako beste langileen lan-baldintza berak izatea bermatu nahi dute. Deliverook adierazi du legea betetzeko eta Glovo eta Uber Eats gisako enpresekin lehiatzeko “inbertsio oso altuak” egin beharko lituzketela, eta errentagarritasuna “oso ziurgabea” litzatekeela; enpresaren bideragarritasun ekonomikoari eragin ziezaiokeela ikusita, nahiago izan dute estatutik irten. Deliverook hainbat salaketa izan ditu urte hauetan guztietan, banatzaileak autonomo faltsu gisa edukitzeagatik.
Kaleratze kolektiboa
Abuztuan Deliveroo banatzaileei lan-kontratuak egiten hasi zen, baina ez riderren baldintzak hobetu nahian, baizik eta orain, enpresaren irteera egiterakoan, kaleratze kolektiboa egin ahal izateko. Enpresak azpimarratu du kaleratzeengatiko kalte-ordain “egokiak” adostu dituztela langileekin, bai langileentzat, bai enpresarentzat ere. Eldiario.es atariak argitaratu duenez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata hitzartu dute, 1.000 euroko gutxienekoarekin.