argia.eus
INPRIMATU
Deliveroo enpresako banatzaileak soldatapeko langileak dira eta ez autonomoak, Madrilgo epaitegi baten arabera
  • Epaileak arrazoia eman dio Gizarte Segurantzari Deliverooren aurrean. Epaiaren arabera, bizikletan banatzaile lanetan aritzen diren langileek soldatapeko lan harremana dute enpresarekin, enpresak ezartzen ditu lan baldintzak eta langileek ez dute autonomiarik.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 23a

Madrilgo Gizarteko 19. Epaitegiak arrazoia eman dio Lan Ikuskaritzari. Deliveroo enpresak defendatzen duenaren aurka, epaileak ebatzi du 'riderrak' soldatapeko langileak direla, eta ez langile autonomoak.

Epaiak jasotzen duenez, “banatzaileen zerbitzuen prestazioan” nagusitzen diren baldintzak “soldatapeko lanarenak” dira. Garraiolariek “lan pertsonal bat egin dute enpresak zuzendu eta antolatutako baldintzetan”. Behin langileak eskaria onartuta, lana “enpresak erabakitako instrukzio zehatzen arabera egin behar zen, langilearen autonomiarako tarte hautemangarririk gabe”. Epaiak lana antolatzen duen aplikazio informatikoa eta banatzaileen formazioa zuzenean enpresaren eskuetan dagoela azpimarratzen du.

Deliveroo enpresak azkenaldian izugarri garatu den “autonomo faltsuen” eredua erabiltzen du langileak kontratatzeko. Kritika asko jaso duen eredua da, prekarietate maila altuengatik. Glovo da lan eredu honen enpresa aitzindarietako bat.