Janari banaketa enpresek autonomo gisa lan egiten duten rider-ei kontratua egin beharko diete Rider Legearen arabera. Gutxienezko soldata, lanaldi arautua eta subrograzio eskubidea eskaini beharko dizkiete langileei eta bi aste barru hasiko da aplikatzen Espainiako Gobernua. Deliverook iragarri du badoala, "merkatuaren bideraezintasuna” adieraziz.
Deliveroo APP bidezko janari banaketa enpresak sei urte daramatza Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan zerbitzua ematen. Asteazkenean plazaratutako komunikatuan iragarri dute herrialdea utziko dutela, negozioaren “bideraezintasuna” dela medio. Azaldu dute, hemendik aurrera ezin izango dutela Glovo, Uber Eats eta Just Eat bezalako enpresekin lehiatu.
Erabakia Rider legea indarrean sartu baino bi aste lehenago hartu dute. Lege horren arabera, janari banaketa enpresek banatzaile gisa dituzten autonomoei kontratua egin beharko diete, eta beren lan-baldintzak ostalaritzako gainontzeko langileen pareko egin beharko dituzte. Besteak beste, gutxienezko soldata, lanaldi arautua eta subrograzio eskubidea eskaini beharko dizkiete.
La Vanguardia hedabideak azaldu duenez, kaleratze kolektiboa egingo du Deliveroo enpresak oraindik plantillan sartu gabe dituen autonomoekin. Abuztuaren 12tik aurrera, banatzaileak kontratatzen hasiko dira, Rider legeak arautzen duen bezala. Irailean, kontsultak antolatuko dituzte langileekin, eta guztiei enplegu erregulazio espedienteak aplikatzeko izapideak hasiko dituzte.
Enpresak kaleratutako dokumentuan argi eta garbi ez badiote ere, badirudi langile guztiei soldatapeko kontratu bat egiteko ezintasunak bideratu duela erabakia. Espainian “lehen mailako merkatu-posizioa” mantentzea zaila izango litzatekeela azaldu dute: "Horri eusteko inbertsio-maila oso handia beharko litzateke, eta epe luzera, errendimendu potentziala oso zalantzagarria izango litzateke, merkatuaren bideragarritasun ekonomikoari eragin liezaiokeena", diote.
Langileen sindikatuek gogor kritikatu dute erabakia. ELA sindikatuak, adibidez, enpresek “legearen gainetik” egon nahi dutela salatu du. "Langile horiek urteak daramatzate presioak eta lan baldintza tamalgarriak jasaten, eta kolpe berri honek eskubideen urraketa horretan gehiago sakontzea dakar", azpimarratu du. CCOO sindikatuak, berriz, enplegu erregulazioa aplikatu zaien langileei “bermea” emateko eskatu dute, epaitegiek eta lana ikuskatzeko aktek esaten duten bezala, beren lan estatusa errespetatzeko.
Beste hainbat Rider legearen aurka agertu dira. El País komunikabideak Rider Autonomoen Elkarte Profesionalaren eta repartidoresunidos.org erakundearen hitzak bildu ditu. Hauen arabera, aplikatu nahi den araubideak multinazionalen “ihesaldia” ahalbidetzen du: azaldu dute autonomoen modeloa “malguagoa” dela bai sektorearentzako bai banatzaileentzako ere, eta bi aldeei “egonkortasunez” jarduteko aukera eskainiko dien bide bakarra dela.
Deliveroo ez da izan Rider legearen aurrean aldaketak egin dituen multinazional bakarra: Glovo janari banaketa enpresak 2.000 langile gehiago kontratatuko ditu, baina guztiak plantilan gehitu beharrean, beste estrategia bat hartuko du. ELAk azaldu duen bezala, bi aukera eman dizkiete enpresako banatzaileei: soldatapeko egitea ala autonomo gisa jarraitzea. Epaitegiek esan dute azken aukera hori “iruzurra” dela.