argia.eus
INPRIMATU
Delirium Tremens, ØDEI, Amorante, Vulk eta Merina Gris EHZ festibalean arituko direnen artean
  • Partaide berriak jakinarazi ditu EHZk, eta sarrera gehiago salgai jarri. Hitzaldi eta mahai inguruak aurrerago iragarriko dituzte. Antolaketan boluntario bezala lan egiteko izen-ematea zabalik da jada.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 04a
Iazko EHZren kontzertu bat. Argazkia: Dani Blanco.

Apirilean lehenbiziko aurkezpena egin ondoren, EHZ festibalaren 26. edizioaren mamia aletzen doaz antolatzaileak pixkanaka. Uztailaren 1a eta 3a artean Irisarrin joko duten musikari gehiago jakinarazi dituzte asteazkenean. “Aurten ere, EHZk estilo eta toki guzietako artistak hobeki ezagutzera eramanen gaitu, kalitatezko eskaintza aberats eta anitza proposatzeko xedearekin. Rap, Rock, Pop, Rumba edota Metal doinuek hiru egun horietako soinu banda osatuko dute”, azaldu dute prentsa oharrean.

Bulego, Madelyn Ann, Eesah Yasuke, Amorante, Joseba Tapia, Frigo eta Kilimak taldeak Irisarrin izango dira. Baita lanak argitaratu berri dituzten Frikun, Merina Gris, Odei Barroso eta Vulk ere. Azkenik, EHZk jakinarazi du Delirium Tremens “Iparraldera itzuliko” dela hainbat urteren ostean. Horiek denak jada iragarrita zeuden Niko Etxart, Ezpalak, Ibil Bedi, Calling Marian, Fizt & Furiuz eta Gaitistaneko Orkestrari gehitzen zaizkie. Kokoko! Taldearen kontzertua, aldiz, bertan behera geratu da.

Urtero bezala hainbat hitzaldi, mahai inguru, antzerki eta bestelako kultur emanaldi izango dira ere, baina horiek aurrerago jakinaraziko dituzte.

500 boluntario

Antolatzaileek boluntario bezala izena emateko eskatu dute. “Edizioz edizio ibili diren milaka laguntzaileek festibalaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna ahalbidetu dute. Berriz ere, azpimarratu nahi genuke EHZ festibala auzolanean eta laguntzailegoan oinarritzen den ekimena dela”. Hiru eguneko egitaraua aurrera ateratzeko gutxienez 500 boluntario behar direla azaldu dute. Izena ehz.eus webgunean eman behar da.

Sarrerak salgai

Apirilean salmentan jarritako sarrerak agortuak zeuden jada, eta asteazkenean gehiago jarri dituzte salgai. Hiru egunetarako sarrera 45 euroko prezioa du maiatzaren 25a arte, hortik aurrera 55. Egun bakoitzerako sarrerak ekainaren 1ean jarriko dituzte salgai.